Aste honetan, osotara, lau greba egun izan dituzte, baina bi deialdi ezberdinen baitan. Astelehenerako deitu zen lehen greba eguna, UGT eta CCOO sindikatuek Espainian egindako deialdiaren baitan. Bigarren deialdia, berriz, atzotik bihar arte iraungo duena, Langile Batzordeak eskatutakoa da.
Bi greben arrazoiak
Gaurko greba, Langile Batzordeak –6 ELA, 6 UGT, 1 LAB eta 1 Aurrera– bultzatutakoa, bi arrazoi nagusiren bueltan egin dute: alde batetik, autobusen mantentze-lan kaxkarra dago. "Ez dute mantentze-lanen jarraipenik egiten. Mekanikariari ez diote denborarik ematen bere lana ondo egiteko, autobusen beharra dugulako. Enpresak dio Diputazioak ez diola uzten autobus gehiago izaten. Guk uste dugu gauza gehiago daudela atzetik", dio Fermin Iregik, batzordeko eta LAB sindikatuko kideak. Bestalde, hitzarmenaren puntua dago. "Hitzarmeneko 35 puntu inguru aldatzeko eskatu genuen. Asko zirela esan ziguten, zehazteko eta gutxiago izateko. Komiteko sindikatu guztiak bildu eta zazpi puntu adostu genituen. Zazpi puntuetatik seiri ezetz esan zioten", gaineratu du.
UGT eta CCOO sindikatuek astelehenerako deitutako grebaren helburua erretiroa 60 urtera aurreratu ahal izatea da. Arriskutsutzat jotzen dute adin horrekin gidari lanak egitea.
Data gehiago
UGTk eta CCOOk azaroaren 11rako, 28rako eta 29rako eta abenduaren 5erako eta 9rako iragarri dituzte greba egun berriak. Langile Batzordeak, berriz, azaroaren 2ko 22:00etatik azaroaren 5eko 02:00etara deitu du.
Eraginak Debagoienean
Asteleheneko grebak %25eko parte-hartzea izan zuen ibarrean, gutxi gorabehera. Oraindik ez dago bigarren grebaren daturik, baina komitearen %90 baino gehiago agertu zen alde, eta parte-hartze handia espero zen. Debagoienetik igarotzen diren autobus linea gehienentzat zerbitzu minimoak ezarri dituzte.