Debagoieneko Mankomunitateak eta udalek Biharko euskara, gaur liburuxka berriro banatuko dute ibarreko ikastetxeetan. Zehazki, Arrasateko, Bergarako, Eskoriatzako eta Aretxabaletako ikastetxeetako HH4-ko ikasgeletan banatuko dituzte. Ez da liburuxka Debagoienean banatzen den lehen aldia, baina proiektuaren parte diren erakundeek aurten beste banaketa bat egitea erabaki dute.
Kike Amonarriz soziolinguistak proposatutako aholku-sorta bat da Biharko euskara, gaur. 8 urte bitarteko haurrak dituzten gurasoei bideratuta daude aholku horiek, hizkuntza ezagutza, erabilera-ohitura eta hizkuntzarekiko jarrera 8 urtera arteko epean finkatzen dela uste da eta. Aholkuak euskaraz dakiten gurasoentzako zein euskaraz ez dakitenenentzako dira, eta, modu horretan, gurasoen artean ohikoenak diren galderak erantzun nahi dira.