Denboraldiko aurreneko derbia jokatu dute Construcciones Ugarte Aloña Mendik eta Mondragon Lingua Bergarak Zubikoan, eta oñatiarrek ez dute arazo handirik izan bergararrei irabazi eta bi puntuak etxean gelditzeko. Liga hasiera baino ez bada ere, nabari da Iñaki Zabarteren taldeak beste erritmo batekin jokatzen duela eta euren helburua denboraldi bukaeran mailaz igotzea dela.
Partiduaren hasiera nahiko berdinduta egon den arren, azkar hartu dute abantaila etxekoek, eta kosta egin zaie mahoneroei markagailuan gerturatzea. Bergararrek, pibotea aurkitzea lortu dutenetan egin dituzte jokaldi onenak, baina etxekoen defentsa ona dela-eta ezin izan diote jarraipenik eman minutu on horiei.
Hamar goleko errentarekin (22-12) joan dira bi taldeak atsedenaldira, eta bigarren zati hasieran bergararrek beste aurpegi bat erakutsi badute ere, oñatiarrek erasoan zein defentsan duten kalitateaz baliatuta berehala handitu dute markagailuko errenta partidua 36-20 bukatu arte.
Txanponaren bi aldeak
Pozik agertu da partiduaren ostean Amaia Ugarte, Construcciones Ugarte Aloña Mendiko jokalaria, talde txantxikuarrak "oso emaitza ona" lortu eta "bi puntuak etxean gelditu direlako". Bestalde, Mondragon Lingua Bergarako jokalari Alazne Mujikak adierazi du "apur bat triste" amaitu duela partidua, jokatu dutelako "horrelako emaitzarekin amaitu den beste partiduren bat", baina gaurko sentsazioak "okerragoak" izan direlako. Hala ere, "taldea motibatuta" dagoela eta "emaitzek lagundu ez arren, ikasteko gogoz" jarraitzen dutela dio bergararrak.