2024ko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du Atzegik, desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak. Orain duzu aukera da kanpaina berriaren izena, eta horren helburua da herritarrek, bereziki 55 urtetik gorakoek, elkarteak eskaintzen dituen boluntariotza modalitate ezberdinetan aktiboki parte hartzea. Urriaren 23an aurkeztu zuten kanpaina Gipuzkoa mailan, Foru Aldundiko prentsa-aretoan. Debagoien mailako aurkezpena, berriz, atzo arratsaldean egin zuten, Aretxabaletako Arkupe kultura etxean.
Boluntariotzaren beharra
Kanpainaren aurkezpenetan, boluntariotzaren garrantzian sakondu zuten, hori oinarrizkoa delako Atzegik eskaintzen dituen aisialdiko jarduera asko aurrera eramateko eta erabiltzaileei gizartean parte hartzeko aukera gehiago emateko. Gipuzkoan, urtean zehar, 350 boluntario inguru ibiltzen dira lanean. Historikoki boluntariotza lanak aurrera eraman dituzten pertsonen profil nagusia gazteena dela azaldu dute. Hala ere, azken urteetan aldaketa bat izan delakoan daude Atzegiko kideak, jende helduagoa ere hurbiltzen hasi delako boluntariotza lan horietara. Pertsona berri horien konpromiso handia ikusita, eta aberasgarri suertatu daitekeelakoan, kanpainaren arreta 55 urtetik gorako pertsonengan jarri dute, bereziki, haiek ere Atzegiko boluntariotzetan parte hartu dezaten. Modu horretan, adimen-desgaitasuna duten pertsonek adin bereko pertsonekin aisialdia partekatzeko aukera izatea bultzatu nahi dute, zaletasunak eta kezkak partekatu ahal izateko.
Kanpainaren garapena
Atzegiko familiek boluntariotza egiteko moduak erakusten dituzten 4.000 kartel jarriko dituzte. Informazio-liburuxka bat eta bideo bat ere diseinatu dituzte, zenbait boluntarioren egunerokotasuna islatzeko. Kanpainaren amaiera ekitaldia azaroaren 5ean izango da, 18:30ean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Bertara joan nahi dutenek atzegi@atzegi.eus helbidera idatz dezakete, edo 943 42 39 42 zenbakira deitu, gonbidapenak eskatu ahal izateko.