Dagoeneko erabilgarri dago GI-627 errepidea; hau da, Arlabango mendatearen gainetik Eskoriatzako Aingeru Guardako biribilgunerainoko errepidea. Irailean hasitako lanak oraindik amaitu gabe dauden arren, azkenean, urriaren 19an, zapatua, errepidea irekitzeko hautua egin zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Lanak GI-627 errepidean, 21,900 eta 23,200 kilometroen artean egin dituzte, batez ere. Egindako lan guztiei esker, bidearen zati horretan errepidearen desnibela nabarmen aldatu dute, eta hainbat puntutan lerradura ere egonkortzea lortu da.
Hilabete hauetan ez da erabat itxita egon, larrialdietako ibilgailuei, inguruko etxebizitzetara doazenei eta inguruko jarduera ekonomikoetara doazenei sarbidea baimendu zaie eta. Orain, lanek izan duten aurrerapenari esker, mota guztietako ibilgailu eta txirrindulariak igaro ahal izango dira bertatik.
Lanak oraindik ere martxan
Errepidea trafiko orokorrarentzat irekitzea erabaki duten arren, lanak ez daude erabat amaituta. Lerraduretan azken txukuntze lanak egin behar dituzte, eta asfaltatze lanak ere erabat amaitu gabe daude oraindik. Hori dela eta, langileen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, trafikoa guztiz eten barik, bi semaforo jarri dituzte errepidearen alde banatan.
Beharrezko lanak
Foru Aldundiak errepideko lerradura egonkortzeko lanak hasiko zituela iragarri zuen abuztu amaieran, honetarako beharra zegoela identifikatu ostean. Une hartan iragarri zutenez, lanek irailaren 2tik urriaren 4ra arte iraungo zuten, eta bien bitartean errepidea trafiko orokorrarentzat itxita egongo zen, salbuespeneko zenbait kasu kenduta. Egin beharreko hobekuntza obrek errepidearen sestra aldatzera behartzen zituzten, eta erabiltzaileen segurtasunagatik hartu zuten bidea ixteko behin-behineko erabakia.
Atzeratzeko beharra
Irailaren amaieran, lanak luzatzeko beharra izango zutela iragarri zuen Foru Aldundiak. Luzatze horren arrazoiak irail hasierako euriteak izan ziren. "Irailaren lehenengo bi asteetan izan diren etengabeko euriek lanak aurrera eramatea eragotzi dutenez, Arlaban mendatean egonkortze lanak egin ahal izateko trafiko etenaldia urriaren 2tik urriaren 18ra luzatuko da", adierazi zuten garai hartan. Azkenean, bigarren iragarpen hori ere ez zen erabat bete, egun bateko tarteagatik.