Eguraldia lagun zutela jokatu dute Irrisarri Bike Enduro proba 105 lagunek –101 gizon eta 4 emakume–. Aurreko egunetan eurite handiak izan dira Bortzirietan ere, eta nabari izan da pilotuendako prestatutako lau jaitsieretan.
Probak bazuen bestelako berezitasunik; izan ere, Sustrails Open Enduro BTT txapelketako seigarren eta azken proba puntuagarria zen –Arrasate Enduro proba horien artean–, eta Iker Senar aramaioarra lehen postuan zen.
Jardunaldi polita egin dute bai aretxabaletarrak bai aramaioarrak eta hainbat sari jaso dituzte beste hainbat podiumetara igota.
Markel Uriarte izan da Master 30 kategoriako onena gaur. Scracht sariketako lehen postua ere berak egin du. Iker Senar bigarren sailkatu da Master 30 kategoriako sailkapenean. Bi ordezkari debagoiendar izan dira, beraz, podiumean.
Sustrails Open Enduro BTT txapelketa
Maiatzean Lesakako Bizibide probarekin hasi eta gaurko Irrisarrikoarekin amaitu da Sustrails Open Enduro BTT txapelketa. Sei proba puntuagarri izan ditu eta horien artean izan da ekain amaieran Arrasaten jokatutako Arrasate Enduro proba.
Markel Uriartek irabazi ditu txapelketako proba guztiak Master 30 kategorian, baina bizikleta elektrikoarekin jokatu zuen lehenengoa eta Iker Senarrendako izan da txapelketako sari nagusia bere kategorian.
Antolaketak laster jarriko ditu denbora ofizialak kirolprobak.com webgunean.
Mugarza eta Remesal ere ondo
17 urtetik beherakoetan lehiatu ziren Danel Mugarza eta Lander Remesal oñatiarrak. Onenen artean gelditu ziren bai Irrisarriko proban eta bai Sustrails Open Enduro BTT txapelketako azken sailkapenean.