Aurreikusitakoa baino %3,4 gutxiago Foru Funtsetik 2024an

Gontzal Belategi Zubia 2024ko urr. 18a, 06:55

Aretxabaletako udaletxea.

Ia 1,9 milioi euro itzuli beharko dituzte ibarreko Gipuzkoako udalek; 2025eko lehen ematearekin likidatuko da.

Udal Finantzaketarako Foru Funtsa (UFFF) da Gipuzkoako udalen finantzaketa mekanismo nagusia. Ogasun eta Finantzetako foru diputatu Itziar Agirrek asteon iragarri du mutualisten epaiak eragina izango duela ekitaldiko diru banaketan. Udalek ekitaldirako aurreikusitakoa baino %3,4 gutxiago jasoko dute. Debagoiena eskualdeko Gipuzkoako zortzi udalerriei dagokienez, 1.876.072 euro gutxiago izango dira. Hala ere, Agirrek azpimarratu du 2023ko ekitaldian baino %2,4 gehiago dela.

Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak adierazi du aurreikuspen horiek betetzen badira lurraldeko udalerriek itzuli egin beharko dutela zenbateko hori eta 2025eko ekitaldiko lehen ematearekin batera likidatuko dela. Behin betiko zenbatekoak 2025eko otsailean ezagutuko dira, 2024ko diru-bilketaren eta ekarpenen benetako zifrak jakin ondoren.

2025eko aurreikuspenari dagokionez, Agirrek aurreratu du UFFFren zuzkidura %7 haztea espero dela. Egindako aurreikuspenak betetzen badira, Debagoieneko udalek 56.715.902 euro jasoko dituzte.

Udalerria Biztanleak (2023) Biztanleko euroak (2024) Biztanleko euroak (2025)
Antzuola 2.082 841 892
Aretxabaleta 7.155 838 898
Arrasate 21.867 846 898
Bergara 14.487 850 897
Elgeta 1.119 851 1.091
Eskoriatza 4.194 845 898
Leintz Gatzaga 194 1.257 2.153
Oñati 11.567  847 898

Herri txikien finantzaketa

Bestetik, ekitaldi honi dagokionez, nobedade da udalerri txikiak finantzatzeko foru-arauren aldaketa. 1.100 biztanle baino gutxiagoko udalerriak –Leintz Gatzaga– eta Elgeta izango dira onuradun. Biztanleriaren arabera dagokien kuota jasotzeaz gain, aurten UFFFren %1,2 banatuko zaie zati beretan –8 milioi euro–, eta 244.969 euro gehiago udalerri bakoitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak