Urriaren 19an, zapatua, da Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna, eta prestaketa lanean dabiltza Katxalin elkarteko partaideak. Bergarako eta Antzuolako udaletxeetako balkoietan lazo arrosak jarri ondoren, Bergarako kaleetara aterako dira zapatuan, informazio-mahaiak jarriko baitituzte herritarrengana heltzeko: Domingo Irala kalean, gainera, kamisetak saltzen arituko dira, azaroaren 17an Donostian egingo duten martxarako 6.000 parte-hartzaile erdietsi nahi baitituzte. Hala ere, beste egunetan ere izango da elastikoa eskuratzeko aukera, Bergarako Bego eta Marije ile-apaindegian izango baitituzte salgai.
Ikusgarritasunean eragitea asmo
Era horretan, elkartekideek ikusgarritasunean eragitea dute asmo, aurreko urteetan bezalaxe: "Elkartetik egoera honetan egon daitezkeenei lagundu nahi diegu, egin beharreko urratsak eramangarriagoak izan daitezen".