'Bixi' ibili beharko dute herriko kaleetan zehar

Sara Lanz 2024ko urr. 15a, 17:12

Bueltan da Bixi ibili!, herrien arteko tribial-pikearen hirugarren denboraldia. Aurreko edizioetan bezala, Aitor Agiriano izango da saioaren aurkezlea, eta gaur, asteartea, 20:00etan, emango zaio hasiera denboraldi berriko lehen atalari.

Urriaren 15ean hasiko da Bixi ibili!-ren hirugarren denboraldia. Aurrekoetan bezala, Aitor Agirianok gidatuko du saioa, eta, pasa diren denboraldietan izan den moduan, herri bakoitzak hainbat galdera erantzunez lortuko ditu puntuak. Sailkapenaren lehen postua lortu ahal izateko burua bixi-bixi eduki beharko dute debagoiendarrek. Azkeneko denboraldian irabazi zuen Leintz Gatzagaren lekukoa lortzeko ahalik eta galdera gehiago erantzun beharko dituzte zuzen. Agiriano gogotsu dago hirugarren aldi honetarako: "Nork esango zigun... hirugarren denboraldia hastear da! Urduri baina ilusioz gaude. Seguru gaude grabatzen pasa dugun bezain ondo edo hobeto pasako duela ikus-entzuleak oraingoan ere. Ikusle moduan gozatzeaz gain, pantailaz bestalde gurekin jolasteko aukera izango dute, dauden lekuan daudela".

Pike bizia

Debagoieneko bederatzi herriek parte hartuko dute. Astero atal bat ikusteko aukera egongo da eta horietako bakoitzean herri desberdin bat izango da protagonista: tokian tokiko ohituren, hitzen, pertsonaien eta abarren inguruko hamar galdera erantzun beharko dituzte. Galdera sorta batzuk errazagoak eta beste batzuk zailagoak izango dira. Agiriano oso gustura dago herri guztietan Bixi ibili! eskuzabaltasun osoz hartu dutelako: "Besozabalik eta galderak erantzuteko prest hartu gaituzte bailarako herrietan. Lehen bi denboraldietako jarraitzaileak horietako asko; eta aldi berri honetan jolasera animatu direnak. Plazera ari da izaten".

Agur 'Zirikatzen' saioko Aitorri

Aurreko denboraldian Agiriano ez zen bakarrik egon, nahiko lan izan zuen Zirikatzen saioko Aitorrekin borrokan. Oraingoan ez da saioan egongo, baina ez da bakarrik egongo.

Galdera izarra

Saioan zehar galdera izar bat erantzuteko aukera izango du herritarretako batek. Baina ez da samurra izango: erronka bati egin beharko diote aurre. Hori bai, erronka ondo eginez gero, 50 euroko saria irabazi ahal izango dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak