Donostia eta Bilbo zeharkatu ondoren, Gasteizen izan ziren atzo Hiru Hiriburuak torneoko finalak, eta, 18-9 eginda, garaipena eskuratu zuten Olatz Insausti pilotari antzuolarrak eta Irati Betegi aretxabaletarrak, Iria Madariagak eta Malen Lamadridek osatutako bikotea aurkari zutela.
Hirugarren aldia izan du torneoak aurten, eta Emakume Master Cup da antolatzailea. Haren hitzetan, "hazten" dabilen txapelketa bat da, "erabat irekia": "Hala nahi izan duten emakume guztiek, euren kirolaz gozatu ahal izateko, euren behar eta nahiei egokitutako txapelketa bat topatu dute".