Gipuzkoan txirrindularitza probak antolatzeko zailtasunak dituztela salatu dute eguerdian Donostian egindako manifestazioan. Jende ugari izan da bertan eta Aloña Mendiko txirrindularitza saileko lehendakari Aitor Atorrasagasti hunkituta gelditu da manifestazioak jaso duen babesa ikusita. Hauxe adierazi du bertako manifestazioan izan ostean: "Oso gustura gelditu gara. Astean zehar beldur ginen, ez genekielako zein erantzun izango zuen, baina horrenbeste jende ikustea emozionantea izan da".
Salatu du pandemia aurretik datozela txirrindularitza lasterketak antolatzeko zailtasunak: anbulantziak lortzea kostatzen zaie, eta gainera, oso garesti ordaindu behar izaten dituztela azaldu du Atorrasagastik; Trafiko Zuzendaritzatik ere arazoak izaten dituztela gaineratu du, esaterako, eta alde askotatik "erabiliak" sentitu izan direla aitortu du. "Nekatuta eta etsita gaude", gaineratu du.
Arazoa konpontzeko asmoz, iaz Eusko Jaurlaritzan mahai bat eratzeko asmotan gelditu zirela azaldu du, baina oraindik ez da eratu. Dena den, joan zen eguenean, Eusko Jaurlaritzan bilera bat izan zutela azpimarratu du: "Eusko Jaurlaritzan izan ginen Kirol kontseilariarekin, Trafiko Zuzendaritzako kide batekin, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol diputatu Goizane Alvarezekin, eta uste dugu jabetu direla arazoaz".
Belodromoan hasi eta Boulevarden bukatu dute gaurko manifestazioa eta horrenbeste denbora "borrokan" ibili ostean, konponbidea eskatu dute. Izan ere, Atorrasagastik gaineratu du Gipuzkoa dela horrelako lasterketa gehien antolatzen diren lurraldea, eta gainera, maila oso altuko txirrindulariak etortzea ere nahi izaten dutela, baita atzerritik ere, horietan parte hartzera.