Manifestazioa deitu dute domekarako Donostian

Xabier Urtzelai 2024ko urr. 11a, 12:19

Gipuzkoan ziklismo lasterketekin azken urteotan izaten dabiltzan arazoen aurrean konponbidea eskatzeko zenbait eragile batu dira, eta manifestazioa egingo dute domekan Donostian (11:00).

Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko zuzendaritzak dimisioa eman zuen uztailean; izan ere, behin baino gehiagotan salatu duten moduan, azken urteak trabaz betetakoak izan dira. Moto-enlazeen aseguruekin izan zituzten arazoak, segurtasun zerbitzuak kontratatzeko izan diren gaingastuak... Halakoek ez dute lagundu, baina buruhauste handienak lasterketak antolatzeko orduan izan dituzte bai Federazioko ordezkariek, eta baita lasterketetako antolatzaileek ere. Eta salatu dute urte hauetan Gipuzkoako Trafiko arduradunek jarri izan dizkietela oztopo handienak.

Hori guztia amaitu eta administrazioari konponbide bat bilatzeko eskatzeko, manifestazioa deitu dute domekarako, hilak 13, Donostian. Antonio Elorza belodromotik abiatuko dira, 11:00etan, eta Donostiako udaletxearen aurrean bukatuko dute. "Etorkizunean txirrindularitza Gipuzkoan ikusten jarraitu nahi badugu, denok borrokatu behar dugu eta lortzen dena denentzako mesede izango da", adierazi du Santi Osoro zuzendari ohiak, deialdia zabaltzeko bideoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak