Lurraldebusen txartelak telefonoz erosi ahal izango dira

Mirari Altube Arrese 2024ko urr. 11a, 12:13

Telefono bidezko txartelen salmenta-zerbitzua abian izango da urriaren 14an hasita; astelehenetik domekara bitartean, 07:30etik 21:30era artean, egongo da erosteko aukera. Erabiltzaileek 843 740 286 zenbakira deitu beharko dute horretarako.

Arreta-zerbitzu telefonoa izango du Lurraldebusek astelehenean hasita erabiltzaileek txartelak erosteko. Baldintzak online erosketakoen berdinak izango dira. Gainera, erabiltzaileek telefono-zerbitzuaren bidez edo Avanza webgunearen bidez erositako txartelak aldatu eta baliogabetu ahal izango dituzte. Beste edozein gai, lokalizatzaileen eskaera edo era bateko kontsultaren bat, Avanza Bezeroaren Arreta Zerbitzuak artatzen jarraituko du.

Berritasun horien berri eman zuen Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek atzo, eguena, Arrasaten. Neurri horren bidez "erabiltzaileen hazkundeari aurre" egitea eta "adinagatik edo egoeragatik bidaiariek izan dezaketen eten digitala gainditzea" da asmoa. Diputatua Arrasateko Nagusien Kontseiluko kideekin elkartu zen eta horiek egindako lana eskertu zuen: "Horrelako tresnak abian jartzeko eskatu zuen erakunde horrek; izan ere, herrian ez zuten salmenta-gune fisikorik, eta horrek zaildu egiten zuen kolektibo horren garraio publikorako sarbidea". 

Azahara Dominguez diputatuta, Arrasateko Nagusien Kontseiluko kideekin elkartuta atzo, eguena.

Webgunean hobekuntzak

Lurraldebuseko lineetan atzeman duten erabiltzaileen hazkundeari aurre egiteko hainbat neurri zehaztu dituela Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuak gaineratu zuen Dominguezek: "Pandemiaren aurreko urteetan baino bost aldiz bidaia gehiago egiten ari baitira".

Webguneak izandako arazoak arintzeko neurriak daude horien artean: "Datu-basearen datu-iraulketa optimizatu da, zerbitzari birtual berri bat sortu da, egungo zerbitzarietan baliabideak handitu dira edo monitorizazio-tresnak instalatu dira, besteak beste". Horiek dagoeneko eragina izan dutela gaineratu zuen, eta joan den egubakoitzetik hona egunean 5.000 txartel baino gehiago saldu direla, "webgunearen historiako salmenta-daturik altuenetara iritsiz".

Era berean, Donostiako txarteldegian erabiltzaileei arreta ematen dien zerbitzua indartu egin dela adierazi zuen, "aurrez aurreko salmenta arinagoa" izan dadin: "Horiei guztiei txartelak telefono bidez erosteko aukera gehitu behar zaie orain, eta etorkizunean, txartelak erostea errazteko beharrezkoak diren neurriak hartzen jarraituko da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak