Ohorezko Erregional Mailan Bergarak bikain hasi du liga txapelketa: jokatutako lau partiduetatik hiru irabazi egin dituzte eta bigarren daude sailkapenean, Zarautzen atzetik. Bada, mahoneroek eurekin batera liga ondo hasi duten Oiartzunen bisita izango dute domekan (17:00). Partiduaren aurretik, gainera, Aitor Arregi futbol jokalari ohiak Mahonero saria jasoko du.
Egun berean oñatiarrek ere etxean jokatuko dute (16:30). Txantxikuarrek arnasa hartu dute, joan den astean liga hasiera petrala eten zuen lehen garaipena eskuratuta, eta, hain zuzen, konturatu orduko zuloan sartu diren lesakarrak izango dituzte Azkoagainen aurrean. Mondrakoek, berriz, eurek moduan liga gorabeheratsu hasi duten Vasconiakoen zelaian jokatuko du domekan (16:00). Hiru puntu dituzte donostiarrek, eta bai gehiago zuri-moreek.
Hirugarren mailan, UDAk Pasaian
Etxean izugarri ondo dabil Aretxabaleta, Ibarran jokatutako partidu guztiak (3) irabazi egin ditu eta. Zapatuan, berriz, 14. postuan dagoen Pasaiaren zelaira joango dira jokatzera, 16:30ean. Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan iritsi berria da Bergara, eta ondo hasi du liga: jokatutako hiru partiduetatik bi irabazi ditu. Zapatuan (16:00) Lesakan jokatuko du, 12. postuan dagoen Beti Gazteren kontra.
Kategoria bat beherago, Gorengoen Mailan derbia izango da debagoiendarren artean, Mondrako neskek Debagoiena Bailarakoak hartuko dituzte eta. Domekan 16:30ean jokatuko dute elkarren kontra, Mojategin.