Udaberrian sanprudentziotan botatako ideiak forma hartu du eta bihar bertan gauzatuko da, bizpahiru auzotarrek hariak mugitu eta gero. Horietako bat da Jone Ojea, eta honela azaldu du zertan datzan QueElorregi jaialdia: "Hasierako asmoa zen Altxalili kabareta ekartzea. Iparraldeko artistek osatzen dute ikuskizuna, eta aldarrikatzen dutena da landa-eremuan bizi diren LGTBIQ+ kolektiboko pertsonen ikusgarritasuna, egunerokotasunean euren identitatea eta sexualitatea modu ireki eta naturalean aldarrikatzeko zailtasunen aurrean".
Eskaintza zabala
Kabaret horretako kide da Alex Arzelus: "Auzoan bizi ez den arren, Elorregirekin lotura estua duen saltseroa da, eta nahiko ezaguna arlo askotan. Arrate Irratian lan egiten du, euskara irakaslea da, eta trikitizale amorratua. Beraz, gora etorri ginen eta hango eta hemengoekin harremanetan jarrita egitarau osatua antolatu dugu, azkenean", aipatu du Ojeak.
22:00etan hasiko da jaialdia, hain zuzen, Altxalili kabaretaren ikuskizunarekin. Ostean, Xarma Leonek drag emanaldia egingo du, ordu erdi ingurukoa, 23:30ean. Gauerdia iristeaz bat pandero eta trikiti soinuek hartuko dute plaza, Xabier Etxaniz eta Uxue Kerejetaren eskutik. Eta dibertsioari jarraipena emateko, MJ Manuela Ahizpak jarriko du musika, 01:30etik aurrera.
Hainbaten inplikazioarekin
Festa "irekia" dela azpimarratu du Ojeak, "ikuskizun horiekiko interesa izan ahal duen edonori eta ondo pasa nahi duen edonori begira" antolatutakoa. Eragile askoren babesa lortu dute, gainera. Izan ere, txosna bat jarriko dute, Bergarako Udaleko Berdintasun Sailak egindako ekarpena baliatuta, Morbor kolektiboak edozein eratako erasoen aurkako protokoloa izango du martxan, eta inguruko talde feministetako kideek txandak egingo dituzte barran.
Auzoari ikusgarritasuna emateko ekimena ere bada QueElorregi, "jendea hona etorri eta hemen egotera animatu dadin".