Asteazkena oso haizetsua izango da depresio oso sakon baten hurbiltasunagatik euskal meteorologia agentziak aditzera eman duenez. Hego eta hego-mendebaldeko haize oso gogorra eragingo du egun osoan, haizeguneetan zein haizeguneak ez diren lekuetan. Eguerdi inguruan haizea are gehiago zakartuko da; lekurik haizetsuenetan 120 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete haize-boladek, eta gainerakoetan 100 kilometro ordukoa.
Iluntzean, fronte sistema batek lurralde osoa zeharkatuko duela gaineratu dute, euria eta zaparradak utziz; zaparradak zenbait lekutan mardulak izan daitezke. Hego-mendebaldeko haize zakarrak tenperaturaren igoera ekarriko du, bereziki Kantauri isurialdean.
Tentuz ibiltzeko gomendioa
Hori jakinik, Arrasateko Udalak, Monterron eta Santa Barbara parkeak itxi egingo ditu bihar, zuhaitzak erortzeko arriskuagatik. Era berean, Udaletik gomendatu dute abisuari kasu egitea eta kontuz ibiltzea. Besteak beste hiriko zuhaitz-eremuak edo mendialdeak saihestea gomendatzen da, baita loreontziak erretiratzea erortzeko arriskua dagoenean. Aldamioak dauden guneak ere saihestea gomendatu dute.