Final-zortzirenetako saioak amaituta, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetan izango diren bertsolarien zerrenda osatu dute, eta lehen fasean bertsotan aritu diren bost debagoiendarretatik lauk eskuratu dute datorrenerako txartela: Oihana Arana Cardenal eskoriatzarra –Lazkaoko saioan hartu zuen parte irailaren 21ean–eta Maider Arregi Markuleta oñatiarra zuzenean sailkatu dira, final-zortzirenetako euren saioetan garaile izan ondoren; Haizea Arana Cardenal eskoriatzarra eta Aitor Tatiegi oñatiarra, berriz, puntuazioaren arabera igaro dira hurrengo fasera. Ane Zuazubiskar arrasatearrak, aldiz, ez du final-laurdenetara sailkatzea lortu.
Hain justu, atzo erabaki zen final-laurdenetako zerrenda, Azpeitian jokatu baitzen lehen faseko azken saioa. Arregi izan zen garaile, 489,5 puntu eskuratuta, parez pare izan zuen arren Asier Azpiroz Iztueta, puntuazio berarekin. Haizea Arana, berriz, hirugarren sailkatu zen (484,5) eta Tatiegi, laugarren (469,5). Bosgarren eta seigarren, hurrenez hurren, Maialen Akizu Bidegain (457,5) eta German Urteaga Garmendiak (423,5) egin zuten.
Datozen saioak
Final-laurdenetako saioen berri ere eman dute antolatzaileek, eta Debagoieneko bertsolariei dagokienez, Haizea Arana izango da bertsotan egiten lehena, urriaren 19an izango baitu saioa Eibarren; Oihana Aranak, berriz, hilaren 20an, Errenterian. Tatiegi eta Arregik saio berean kantatuko dute berriro ere: Tolosan izango da, azaroaren 3an. Sarrerak eskuragarri daude.