Boluntarioek jarduten dute egunerokoan Debagoieneko Gurutze Gorrian, baina Javier Igartua lehendakariak jakinarazi du "ongintza-enpresek emandako funtsak" dituztela aurrera egiteko beste bideetako bat, hala nola prebentzio, sorospen eta salbamendu proiektuak eusteko, eta baita soziosanitarioak eta esku-hartze sozialekoak ere: "Ez dago zalantzarik: boluntarioak dira Gurutze Gorriak Debagoienean ematen dituen zerbitzuen benetako motorra, baina, era berean, gure enpresa onuradunen tokiko saretik jasotzen dugun euskarri ekonomikoa erabakigarria da jarduerari eusteko". Hala, jakinarazi du enpresa onuradunen sarea osatu nahian dabiltzala.
Emandako datuen arabera, gaur egun, lau enpresa laguntzailek, enpresa patrozinatzaile batek eta hiru enpresa babeslek osatzen dute enpresen sarea, eta "km 0 elkartasunarekin konprometituta" daude: "Debagoieneko enpresek betidanik ezagutzen gaituzte, 40 urte daramatzagulako Elorregiko egoitzatik zerbitzua ematen. Batzuek lehen sorospeneko ikastaroak ematea eskatu digute, desfibriladoreen erabilerari buruz edo larrialdietako simulakroak egiten beren instalazioetan".
Kanpaina datozen asteetan
Sarea osatzeko, beraz, boluntarioek funtsak lortzeko beste kanpaina bat abiaraziko dute datozen asteetan tokiko enpresetan: "Espero dugu enpresa eta autonomo berriek bat egitea gure enpresa ongileen sarean. Jasotako ekarpen guztiak eskertzen ditugu, eta beti azpimarratzen dugu edozein zenbateko ekonomiko, norbaiti txikia iruditu arren, gure jarduera humanitarioa eusteko garrantzitsua dela".
Horrez gain, azaldu dute dohaintza ekonomiko bat eginez gero badela beste aukera bat ere zuzenean harremanetan jarrita: Elorregiko egoitzara jota, 943 765 576 telefono zenbakira deituta edo altodeba@cruzroja.es helbidera mezu bat bidalita.