Emakume Master Cup-ek antolatzen du Hiru Hiriburuak txapelketa, eta adierazi du "hazten" dabilen txapelketa bat dela: "Aurten partaide kopuruan beste jauzi bat eman dugu, eta 68 pilotari izan dira lehiaketa honetan izena eman dutenak". Haien hitzetan, gainera, "erabat irekia" izan da izen-ematea, "parte hartu nahi duten emakume denek" izan dutelako horretarako aukera. "Aukera hori zabalagoa izan dadin eta emakume bakoitzak bere errealitate eta beharretara egokitzen den plaza bat izan dezan, txapelketa bost maila desberdinetan banatuko da, pilota goxoko bat izango baita bat eta beste laurak gero eta errotuago dagoen pilota mistoarekin: hasiberriak, gazteak, promesak eta eliteak".
Donostia, Bilbo eta Gasteiz
Egun osoko pilota-maratoia izango da domekan Donostian, Hiru Hiriburuak txapelketaren hasieran: maila guztietako aurre kanporaketak jokatuko dira, eta aurrera egitea lortzen dutenek urriaren 6an izango dute hurrengo hitzordua Bilboko Esperantza pilotalekuan; finalak, berriz, urriaren 13an jokatuko dira Gasteizko Ogetan pilotalekuan.
Lehen partidu horietan izango dira, horrenbestez, elite mailan jardungo duten pilotari debagoiendarrak: Arrate Bergara bergararrak 17:00etan jokatuko du partidua, Laia Salsamendi bikotekide duela; 18:00etan, berriz, Maddalen Etxegarai eta Uxue Oses oñatiarrek osatutako bikotearen txanda izango da, Amaia Aldai eta Itxaso Erasunen aurka.