Euskaraldia 2025

'Euskaraldia On' topaketa, herritarren aktibazioan lehen pausoak emateko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ira. 26a, 19:43

Euskaraldia dela-eta, herritarren aktibazioan eragiteko gakoez jardun dute Eibarren eginiko ekitaldian, eta Euskara aktibatzaileen gida-liburua aurkeztu dute. Izen-ematea zabalik dute herrietako batzordeek.

Euskaraldi On! topaketa egin dute gaur arratsaldean Eibarko Coliseo antzokian, eta Euskal Herriko berrehun lagun baino gehiago bildu dira herritarren aktibazioan lehen pausoak emateko Euskaraldiari begira. "Konbentzituta nago handia dela herriz herri elkarrekin egitera goazena", adierazi du Irati Iciarrek, Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, Euskaraldia "jendea aktibatzeko eta sartzeko tresna ezin hobea" izango dela gaineratzearekin batera: "Ahalik eta komunitate zabalena jarri nahi dugu dantzan euskararen alde".

2025eko maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskaraldiaren laugarren edizioa, eta Eibarren batu diren boluntario, teknikari eta eragileek herritarren aktibaziorako modu eta molde berrien proposamenak entzun dituzte. Izan ere, antolatzaileen arabera, "herrietako mugimendurik gabe Euskaraldia ez da posible izango".

Gidaren aurkezpena

Garazi Azkuek eta Goiatz Urkijok, Euskaraldiko komunikazio arduradunak eta koordinatzaileak hurrenez hurren, aurtengo edizioak "gozatzeko, hunkitzeko eta ongi pasatzeko aukerak" izango dituela nabarmendu dute ekitaldian, eta Kike Amonarrizek eta Manex Agirrek, Gorbeialdeko euskara teknikariak, herritarrak aktibatzeko gakoak izan dituzte hizpide ondoren, Euskara aktibatzaileen gida-liburua aurkeztuta. "Euskaraldiak ondutako gida praktikoa da, eta horrek emango ditu Euskaraldiaren mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko, ekintzak antolatzeko eta indarberritzeko hainbat gako".

Izen-ematea irekita

Ehunka herritan sortutako batzordeek "ahalbideratu" dute hasieratik Euskaraldia, antolatzaileen hitzetan, eta aurten ere horrela izatea espero dute; hala, elkartu eta antolatzen hasteko deia egin dute, gaurtik aurrera herriek izena emateko aukera dutela nabarmenduta. Norbanakoek, ordea, 2025eko martxora arte itxaron beharko dute horretarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak