Eskualdeko ordezkaritza "txikia" 72. Zinemaldian

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko ira. 20a, 10:08

Moriarti Produkzioen Marco filmeko fotograma bat. Argazkia: Lara Perez B-Team Pictures.

Gaur, egubakoitza, hasi eta irailaren 28ra arte egingo dute aurtengoa; aitor arregi oñatiarra kide den Moriarti Produkzioen Marco filma eskainiko dute, lehiaketaz kanpo, eta Kepa Errastik parte hartzen duen Irati filmak EZAE saria jasoko du.

Donostia Zinemaldiko eskaintzan horren isla ez badu ere, askotariko proiektuetan buru-belarri ari dira Debagoieneko zinemagileak. Esaterako, Karmele filmaren muntaketa lanetan ari da Asier Altuna Kixi bergararra, baina hesiaren bestaldean gozatzeko aukera izango du, aurtengo Zinemaldian "libre" ibiliko dela adierazi du eta.

Hamaika alditan erakutsi izan ditu Zinemaldiko aretoetako pantaila handian Arrasateko Iban del Campok askotariko film laburrak: "Aurten ez da hala izango, baina lanean ibiliko naiz. Zinemaldiaren baitan zinema industriako askotariko bilerak izaten dira eta nik ere baditut hainbat lotuta; nire proiektu pertsonalekin lotutakoak dira batzuk eta kide naizen Limbo Films ekoiztetxea bultzatzen ari den beste hainbat proiekturekin lotutakoak ditut beste batzuk", azaldu du Arrasatekoak.

'Marco' filma, lehiaketaz kanpo

Aitor Arregik Jon Garañorekin batera zuzendu duen Marco filma pantaila handian erakusteko aukera izango du. "Perlak sail garrantzitsuan eskainiko dute, lehiaketatik kanpo. Euren etxea da Zinemaldia, eta askotariko filmak estreinatu dituzte aurreko aldietan: Handia, Trinchera infinita, Loreak eta Lucio dokumentala, besteak beste. Thriller tankerako film konplexu batekin datoz orain. Veneziako Mostran harrera onarekin estreinatu zuten, eta horren erakusle da Londresko eta Vancouverko jaialdietan ere erakutsiko dutela. Donostia Zinemaldian irailaren 27an eta 28an emango dute, eta lantaldea ere bertan izango da; sarrera ia guztiak, baina, agortuta daude. Oskar sarietarako hautagaien artean izan da Marco, baina eguaztenean jakinarazi zuten azkenean ez dela hala izango", azaldu du Imanol Gallego zinema-adituak asteon Hemen Debagoiena saioan.

'Irati' filmak, EZAE saria

Irailaren 24an, Euskal Zinemaren Galaren baitan, Elena Irureta sarituko dute, eta egun berean jasoko du Paul Urkijoren Irati filmak EZAE saria (Euskadiko Zine Aretoen Elkartea), "iaz Euskal aretoetan diru gehien bildu zuen euskal zinta" izan delako.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak