Udako Master Laboral Kutxa torneoa amaitzear da, eta finalean izango dira Madalen Etxegarai oñatiarra eta Arrate Bergara bergararra, horretarako txartela eskuratu ondoren finalerdietan. Ez dira, ordea, batera arituko, Etxegaraik bikotekide izango baitu Enara Gaminde eta Bergarak, berriz, Olatz Arrizabalagarekin osatuko du bikotea.
Hain justu, antolatzaileen hitzetan, Etxegaraik eta Gamindek "orain arte jokatutako partida guztiak" irabazi dituzte, eta "oso bikote sendoa" osatzen dute, nabarmendu duten arren Galdakaon (Bizkaia) asteburuan jokatutako finalerdietan "azken emaitzak (22 eta 11) irudika dezakeena baino gehiago sufritu" zutela garaipena eskuratzeko. Bergarak eta Arrizabalagak jokatutako finalerdiko partidan, berriz, Zarautzen, Arrizabalagaren lana goraipatu dute antolatzaileek, haren izena nabarmenduta: "Une erabakigarrietan erakutsitako argitasunak bere alde eraman du partida".