Hasi da denboraldia Mondrako, Bergarako eta Aloña Mendiko gizonezkoen talde gorenentzat. Aurte hirurak izango dira lehiatzen kategoria berean eta lehen jardunaldian hiru emaitza posibleak eman dira: garaipena, berdinketa eta porrota. Mondrak, Xuban Epelde entrenatzaile berriaren gidaritzapean garaipena eskuratu nahi zuen Mojategin Oiartzunen aurka jokatu duten norgehiagokan, baina 80. minutuan kanpotarrek sartutako golak punturik gabe utzi ditu zuri-moreak. Datorren astean bigarren aukera dute, etxetik kanpo, Elgoibarren.
Bergarak bere aldetik Beti Gazteren bisita jaso du Agorrosinen eta Iker Ruiz de Larramendiren taldeak ezinhobeto ekin dio denboraldiari. Mahoneroak 3 eta 1 nagusitu dira Lesakako taldearen kontra, Ibai Leizeaga, Julen Garmendia eta Iker Etxanizen golei esker.
Iaz oso urte txukuna egin zuten mahoneroek eta aurten ere bide beretik jarraitzeko helburua finkatu dute. Hurrengo astean etxetik kanpo arituko dira Tolosaren zelaian.
Aloña Mendi izan da etxetik kanpo jokatu duen talde bakarra eta Gotzon Urzelaik zuzendutako taldeak ere puntu bat eskuratzea lortu du Urolari egindako bisitan. Hurrengo astean izango dute estreinako neurketa etxean Zumaiakoren aurka.