Harmailak zalez betetzeko unea da

Xabier Urtzelai 2024ko ira. 13a, 12:59

Ezkerretik hasita Unai Beloki (UDA), Gexan Anduaga (Aloña), Josu Bouzon (Bergara), Adiran Fernandez (Mondra).

Aretxabaletak Gasteizen puntu bat batuta (0-0) hasi du Hirugarren Mailako bidea; domekan etxean jokatuko dute, Paduraren kontra. Gizonezkoen Ohorezko Erregionalean, berriz, asteburuan hasiko dute liga, eta emakumezkoek, datorrenean.

Aretxabaletak dagoeneko hasi du aurtengo denboraldia, eta Calzonen mutilak hasi dira puntuen zorrora ekarpena egiten, nahiz eta joan den astean Gasteizko San Viatorren kontra puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuten. Taldeak errespetu handiz zelairatu ziren, biak dira kategoriara igo berriak, eta lehenengo jardunaldia esku hutsik ez amaitzen saiatu ziren; biendako balekoa izan zen berdinketa. "Futbol zelai txikia dute, eta gol aukerak izan genituen arren ez genuen asmatu. Baina, orokorrean, sentsazio onarekin itzuli ginen Gasteiztik. Hori bai, partidu bakarra jokatuta ezin dugu esan kategoriara ondo egokitu garenik; hau hasi baino ez da egin, eta partidu gehiago beharko ditugu non gauden ikusteko, gure maila zein den jakiteko", adierazi dio GOIENAri aste barruan Aretxabaletako entrenatzaileak. 

Aretxabaletak domekan jokatuko du bigarren jardunaldia (16:30), Paduraren kontra. Arrigorriagako (Bizkaia) taldea duela bi urte igo zen Hirugarren REF Mailara, eta iaz mailari eutsi zion. Hala, kategorian esperientzia duen talde batekin egingo dute topo aretxabaletarrek: "Domekan beste kontrario gogor bat espero dugu; aurten halakoxeak izango dira denak. Zorionez, etxeko zaleei ez diegu aparteko eskaerarik egin behar animatzera etor daitezen, bestela ere etortzen direlako. Ea euren babesarekin batera partidu ona egiten dugun".

Ohorezko Erregionala, hasteko gertu

Kategoria bat beherago, Mondrak, Aloña Mendik eta Bergarak asteburuan hasiko dute liga –emakumezkoen liga datorren asteburuan hasiko dute–: Bergarak Beti Gazte hartuko du zapatuan Agorrosinen (16:30); Mondrak ordu berean jokatuko du Mojategin, Oiartzunen kontra (16:30); kanpoan hasiko direnak txantxikuarrak dira, Urolaren zelaian, zapatuan, 16:00etan. Maila horretan Bergara egonkortuta dago eta iaz denboraldi oso txukuna egin zuten Ruiz de Larramendiren mutilek; erregularrak izan ziren. Arrasatekoak eta Oñatikoak, berriz, iritsi berriak dira, aurreko denboraldian biek lortu zuten-eta mailaz igotzea [Informazioa, osatuago, Goiena paperean].

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak