ELA sindikatuak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Aspaceko eguneko zentroetako langileek akordioa lortu dute, 2023-2025 indarraldia duen hitzarmenean, besteak beste, KPIaren araberako soldata igoerak eta lanaldi murrizketak jasota. Halere, eurei ez ezik, hezkuntza eta arreta goiztiarreko langileei ere eragingo die hitzarmenak, eta tartean dira Eskoriatzako Luis Ezeiza, Bergarako Ibaiondo eta Arrasateko Udalaitz zentroak.
Hitzartutakoari dagokionez, honakoak dira akordioan erdietsi dituzten "hobekuntzak", ELAren arabera:
- KPIaren igoera soldatako kontzeptu guztietan.
- Soldatak hilaren 1ean ordaintzea.
- 2025eko abenduaren 31rako funtzioen balorazioa egitea eta ardurak aktualizatuta egotea (Kontuan hartu behar da 1989tik Lanpostuen Balorazioa egin gabe dagoela eta funtzioak eguneratu gabe daudela).
- Norberaren aukerarako jai egun bat.
- Lanaldi trinkoko 11 egun urtean.
- Urte sabatiko bat hartzeko aukera.
- Urteko 259 lan orduko jaitsiera Hezkuntza Zerbitzuko langileentzat eta ehun orduko lantokiko presentzia jaitsiera Helduen Zerbitzuko langileentzat.
- Hamabi errelebo kontratu sinatuko dira gehienez Aspaceko eguneko zentroetan.
- Lanaldi murrizketa adinarengatik: 61 urte beteta dituzten langileek, urteko lanaldia %25 eta %50 bitarte murriztu ahal izango dute.