Udalerri txikien urteetako eskaria da eta Gipuzkoako Batar Nagusiek eguaztenean onetsi zuten foru arauaren egokitzapena. Hala, biztanleriaren arabera udalerri bakoitzak Foru Funtsetik urtero jasotzen duten kuotaz gain, 1.100 biztanletik beherako udalerriei –Debagoienean Leintz Gatzaga– kopuru gehigarri finko bat esleituko zaie. Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren %1,2 erreserbatuko da herri txikien artean banatzeko.
Elgetaren berezitasuna
Elgeta ez da 1.100 biztanletik beherako herria baina gutxigatik. Foru arduradunak konturatu dira foru arauaren egokitzapenarekin ondorengoa gertatuko dela: herri txikienen artean biztanle gehiago dutenek baina diru gutxiago jasoko duela Elgetak. Hala, doikuntza bat egin da hori saihesteko eta zeharka bada ere Elgeta foru arauaren egokitzapenaren onuradun izango da.
"Hasiera batean pozgarria da horrelako aldaketak ikustea", azaldu du Elgetako alkate Ibon Unzetabarrenetxeak. "Aldaketa hau beharrezkoa zen; izan ere, udalerri txikien finantzaketa egungo errealitatera egokituko da, oreka bat sortuz beste udalerriekin. Diru-sarrera berri horrek, herrian eskaintzen ditugun zerbitzuen indartzea eta hobetzea ahalbidetuko du. Hala ere, ikusi egin beharko da 15/1994 Foru Arauaren egokitzapena argitaratzen denean zer jartzen duen zehazki".