Xabier Gastañagak irabazi du Gipuzkoako Arraza Libreko Artzain Txakur Txapelketaren 25. edizioa, Sandy txakurrarekin batera, biek eginiko lanari esker: "Pozik nago. Asko entrenatu dugu, eta gustura gelditu ginen eginiko lanarekin. Gainera, aitak –Javier Gastañaga– ere emaitza onak izan ditu". Haren hitzetan, sentsazio "gazi-gozoa" izan zuen lehen proban, urduri zegoelako eta txakurra ere azkar aritu zelako, baina, hala ere, ez zuten emaitza txarra eskuratu; bigarrenean, ordea, gustura gelditu ziren. "Oso ondo egin nuen, egia esanda; horrek eman zidan irabazteko aukera".
Hain justu, Artxate elkartea da txapelketaren antolatzailea, eta sei parte hartzaile izan ziren aurtengoan; tartean, gainera, Gastañagarekin batera, bi debagoiendar, Javier Gastañaga antzuolarra –hirugarren sailkatu zen– eta Asier Dakosta aretxabaletarra –bosgarren egin zuen–.
Euskadiko txapelketa
Txapelketako lehen lauek, gainera, Euskadiko txapelketara sailkatzea erdietsi zuten atzokoan, eta, hala, han arituko dira Javier eta Xabier Gastañaga aita-semeak, urriaren 6an, Mañarian (Bizkaia).