Ogasunaren izena jarrita jaso dute mezu bat hainbat herritarrek, ohartaraziz "gorabehera larri" bat dagoela errenta-aitorpenean, eta horrek zigorra ekar dezakeela. Hori konpontzeko, dokumentazioa bidaltzeko eskatzen dio hartzaileari, mezuan datorren estekaren bidez.
Gipuzkoako Foru Ogasunak jakinarazi du ez duela horrelako jakinarazpenik egiten SMS bidez, ez duela informazio konfidentzialik eskatzen, ezta kontu korronte edo txartel-zenbakirik ere kanal horren bidez.
Edozein susmo izanez gero, Foru Ogasunarekin harremanetan jartzea gomendatu du, behar diren egiaztapenak egiteko. Eta SMS horietako estekak ez erabiltzea ere eskatu du.
Era berean, adierazi du Foru Ogasuna beharrezko neurriak hartzen ari dela horrelako iruzur-saiakerak jazartzeko.