Bandera pirata ibiltaria izenpean, asteon abiatu du kanpaina Aspanogik, Adingabe Minbizidunen Familien Gipuzkoako elkarteak, urrezko begizta eta piraten logotipoa daramaten pankartak lurraldeko hainbat udalerritan eta interesgunetan jarrita; baita Debagoienean ere. Hain justu, aste honetan iritsi da Bergarara, irailaren 9tik 15era Elgetan izango da, eta irailaren 23tik 29ra, berriz, Arrasaten.
Horrez gain, irailaren 15ean, elkarteak bazkari bat egiteko proposamena luzatu die familiei, euren arteko harremanak bultzatu eta mugimendua aktibatzeko, Donostiako Boulevardean.
Diagnostikoak urtebetean
Foru Aldundiak emandako datuen arabera, minbizia duten haurren 20-30 kasu artatzen dira urtero, eta 100-150 inguru dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Leuzemia kasuak dira batik bat, eta nerbio-sistema zentraleko tumoreak, ostean. Hala ere, itxaropen mezua dagoela ohartarazi dute, biziraupen-tasa %82koa delako.