Jokin Bereziartua: "Ateak zabalik ditugu proiektu guztiendako"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2024ko ira. 6a, 19:01

Jokin Bereziartua Danbakako koordinatzaile eta aurkezlea.

Goienako Komunikazio Taldeak Bergarako Udalaren laguntzarekin antolatu duen seigarren Danbaka musika lehiaketa abiatuko da urrian; izen ematea zabalik dago.

Seminarixoa aretoan izango dira kontzertu guztiak eta Debagoieneko musika bakarlariei eta taldeei zuzenduta dago.

Badator seigarren Danbaka; pozik?

Oso; gezurra dirudi bi urte pasatu direla Danbaka lozorrotik iratzarri genuenetik... Zapore oso gozoa utzi zigun 2022koak eta oso gogotsu gaude berriro ekiteko, ziur gaude-eta Debagoieneko musika panoramak oso bizirik jarraitzen duela. Ekosistema oparo eder horren lagin bat Seminarixoko oholtzara ekartzeko gai bagara, gu pozik izango gara!

Izen-ematea zabalik dago; zer egin behar da?

Izena emateko aukera irailaren 22ra arte egongo da zabalik eta errazena Danbaka.eus webgunearen bitartez egitea da. Baldintzak eta aurkeztu beharrekoak bertan daude ondo zehaztuta. Irailaren 29an jakinaraziko dira epaimahaikideek aukeratutako hamabost taldeak. Hamaseigarren taldea herritarrek erabakitzeko aukera izango dute, irailaren 30etik urriaren 6ra. Hori bai, izena eman behar baduzue ez itxaron azken ordura arte! Eta parte hartzeko zalantzak badituzue eman izena, ez zaizue-eta damutuko.

"Parte hartzeko baldintzak eta informazio gehiago 'Danbaka.eus' atarian daude"

Jaso da dagoeneko eskaerarik?

Taldeak hasi dira izena ematen, gutxika bada ere. Orain arte izena eman dutenen artean denetarik dago, eta ederra da hori. Ziur, gainera, irailaren 22rako abaniko are zabalagoa izango dugula. Hori da-eta Danbakaren esentzia: edozein estilo eta formatu direla ondoetorriak.

Lehiaketaren egitura zelakoa izango den zehaztuko duzu?

Hamasei taldek hartuko dute parte. Lehen hamabost taldeak epaimahaiak aukeratuko ditu eta publikoa arduratuko da hamaseigarren taldea aukeratzeaz. Gau bakoitzeko lau talde egongo dira eta talde bakoitzak ordu erdi izango du jotzeko. 2022an moduan, Sanprubusa jarriko dugu Seminarixoaren atarian eta chill out gunea ere egongo da. Chill out gune horretan musika elektronikoa izango da nagusi. Bestalde, aurten ere bost kidez osatutako epaimahaia izango dugu. 2022ko edizioan luxuzko epaimahaia izan genuen, eta orduan izan zirenetako batzuk egongo dira, baina baita aurpegi berri batzuk ere. Zeintzuk izango diren epaimahaikideak aurten? Aurrerago jakingo duzue!

Hiru sari banatuko dira; zelakoak?

Danbaka Debagoieneko musika taldeak hauspotu eta haien erakusleiho izateko jaio zen, baina ezin dugu ahaztu lehiaketa bat ere badela eta, beraz, sariak behar dituela. Musikaren hiru adierazpide nagusiren lekuko dira sariak eurak: disko bat, bideoklip bat eta zuzeneko bat. Aurten ere sari nagusia lortzen duen proposamenak disko bat grabatzeko aukera izango du aukeratzen duen diskoetxean; publikoaren boto gehien irabaz- ten duen proiektuari bideoklip bat grabatuko diogu eta Danbaka-Ekinez saria irabazten duenari 2025en Labegaraietan egingo den Ekinez musika jaialdian jotzeko aukera eskainiko diogu. Eta sariez ari garela, ezin dugu aipatu barik utzi Danbakaren bidelagun diren Bergarako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Sein taldea; haien laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke halako ekimen bat antolatzea.

Ezer gaineratu nahi duzu?

Gogora ekarri nahiko nuke ateak erabat zabalik ditugula proiektu guztiendako, baita aurreko edozein alditan parte hartu dutenendako ere. Talde berriak aurrez aurre ezagutzeko aukera ere ematen die sortzaileei. Eta garden planteatuta: areto ezin txukunago batean ordu erdiko emanaldia egin eta irudiz zein soinuz ederto grabatutako bideo bat betirako izatea ez da plan txarra, ala? Animatu!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak