Debagoienean gora egin du langabeen kopuruak hilabeteko epean, eta baita herri guztietan ere: Antzuolan, azken datuen arabera, 58 langabe daude, uztailean baino bat gehiago; Aretxabaletan, 206 (+6); Arrasaten, 1.102 (+41); Bergaran, 519 (+33); Elgetan 36 (+5); Eskoriatzan, 164 (+6); eta Oñatin, 338 (+25). Leintz Gatzagako eta Aramaioko kopuruei dagokienez, azken hilabeteetan erregistratu den eran, ez da jakinekoa zenbat pertsona dauden langabezian, Gipuzkoako Lan Behategiak ez baitu datu zehatzik ematen bost baino gutxiago direnean.
Kopuru absolutuez harago, berriz, ehunekoei erreparatuz gero, honakoa da bailarako egoera: Arrasaten dago langabezia-tasa handiena, lan egiteko eran dauden hamar biztanletik bat baino gehiago baitago lanik gabe (%11,04), eta hurrenez hurren ditu Eskoriatza (%7,85), Bergara (%7,29), Elgeta (%6,69), Oñati (%6,22), Aretxabaleta (%6) eta Antzuola (%5,36).