Plazaz plaza txapelketak laugarren edizioa izango du eta Maddi Barrokal bergararra eta Leire Galeano antzuolarra izango dira parte hartuko duten pilotarietako bi. Barrokalek Leire Oskozekin osatuko du bikotea eta Galeanok, berriz, Andrea Aldaregiarekin.
Zortzi jardunaldik osatuko dute txapelketa; aurreneko seiak multzokako faseari dagozkionak izango dira. Fase hori amaituta, aurreneko bikote sailkatua Trinitate plazako finalera igaroko da zuzenean, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdietako partidua jokatu beharko dute. Ligaxkako partiduen egutegia honakoa da: abuztuaren 10ean, Azkoitian (Gipuzkoa), 15ean Areson (Nafarroa), 16an Eltziegon (Araba), 25ean Getarian (Gipuzkoa), 31n Tirapun (Nafarroa) eta irailaren 1ean Arazurin (Nafarroa). Finalerdietako partidua irailaren 8an jokatuko da Etxaurin (Nafarroa) eta finala Donostian (Gipuzkoa) irailaren 15ean.