Sei bikote izango dira nor baino nor gehiago eta guztiek guztien aurka jokatuko dute liga formatuan. Atzo hasi zuten txapelketa Garesen eta hurrengo partiduak honako herrietan izango dira: Lantaron, Mendigorria, Latasa, Etxarri-Aranatz, Aoiz, Leitza, Arantza, Donostia (Atano), Satikurutze Kanpezu, Zeberio, Peralta eta Elgeta. Puntu gehien eskuratutako bikoteek finala urriaren 5ean jokatuko dute Iruñeko Labriten.
Txapelketa irekia izango dela adierazi dute eta ez dagoela faboritorik. Barrokalek herritarrak gonbidatu ditu txapelketari jarraipena egitera eta partiduak bertatik bertara ikustera pilotalekuak betez.
Hain zuzen txapelketa abiarazi zuen partidua jokatu atzo, Garesen, Barrokalek Orbegozorekin bikote eginda. Aranburu eta Mujika izan zituzten aurrean, eta azken horiek, sendotasun handiagoa erakutsita, gailendu ziren 22-14.
Hiru urte "borrokan"
Maite Ruiz de Larramendi Mujika pilotariak sustatutako elkarte profesionala da Ados Pilota eta gaur egun 45 neska dabiltzala haien eskoletan entrenatzen adierazi zuen: "Proiektu honetan murgildu ginenetik hiru urte pasatu dira eta oso pozik gaude ematen ari den fruituekin".