Mondragon Unibertsitatearen talde nagusiak hasi dira lanean

Xabier Urtzelai 2024ko uzt. 23a, 15:16

MUko aurtengo denboraldiko argazki bana, Ibarran eta Iturripen.

LF2 mailan denboraldia urriaren 5ean hasiko dute, eta dagoeneko ezagutzen dira Hirugarren Mailako debutean Mondragon Unibertsitateko neskek aurkari izango dituzten taldeak. Horrekin batera, entrenatzaile berria aurkeztu dute, eta babesle berrien berri ere eman dute.

Mondragon Unibertsitateko talde nagusiak dagoeneko hasi dira datorren denboraldira begira lanean, eta erronka ez da makala, gizonezkoak EBA kategorian lehiatuko direlako, eta emakumezkoak LF2 mailan. Hala, mailaz igo berri diren neskei dagokionez, talde moreari B multzoan lehiatzea egokitu zaio eta ondorioz, lau bidaia egingo dituzte Kataluniara, bi Galiziara, bi Gaztela-Leonera, eta behin joango dira Asturiasera, Mallorcara, Galdakaora, Logroñora eta Iruñeara. Lehenago, baina, Mondragon Unibertsitateko neskek irailaren erdialdean Euskal Kopa jokatuko dute, eta bertan aurkari izango dituzte Challenge Ligako taldeak.

Taldea osatzeko lanetan dihardute

Ointxeko Kirol Zuzendaritzak badaramatza aste batzuk taldea osatzeko lanetan. Entrenatzaile aldaketa egongo da, eta Arri-k beharrean, Carlos Garcia sevillarrak gidatuko du aurrerantzean Mondragon Unibertsitatea. Estatuko eta nazioarteko saskibaloian oso esperientzia zabala du Garciak. Mexikon, Ekuadorren, Irlandan eta Espainiako lehiaketetan gidatu baititu saskibaloi taldeak.

Saskibaloian duen prestakuntzaz eta esperientziaz gain, Carlos Garcia Psikologian doktorea da. Bigarren entrenatzaile bezala Sergio Serrano arrasatearra sartu da. Jokalariei dagokienez, honako sei jokalariek osatuko dute hasierako egitura: Izar Bedia, Naia Badiola, Nerea Kabue, Oihane Sarasti, Naroa Zabala, eta Naroa Garai. Kanpoko 2 jokalari ere izango dira taldean: Gasteizko Sonia Gutierrez, LF2 Ligan ibilitakoa Barakaldoko taldearekin eta Ordiziako Arene Etxeberria, aurreko denboraldian LF2 kategorian jokatu duena, Iraurgi taldearekin. Hemen MUko nesken multzoko kontrarioak:

  • Talenom Boet Mataro (Mataro)
  • Romakuruma U.E Mataro (Mataro)
  • Geieg Pacisa (Girona)
  • CEEB Tordera - CB Blanes (Blanes)
  • Bosonit Unibasket (Logroño)
  • Aranguren Multibasket (Mutilva)
  • Ibaizabal (Galdakao)
  • Mondragon Unibertsitatea (Arrasate)
  • Mipelletymas B.F. Leon (Leon)
  • Ponce Valladolid (Valladolid)
  • Mariscos Anton Cortegada (Villagarcia Arousa)
  • Maristas Coruña (A Coruña)
  • ADBA (Aviles)
  • CB Andraitx LF2 (Andraitx)

LF2 kategoriako Ointxeren bidelagunak

Ointxeko zuzendaritzak egindako lanari esker, datorren urterako beharreko diren gutxieneko laguntza ekonomikoak bermatu dira. "Zentzu horretan, Arrasateko Udalaren laguntza funtsezko laguntza izan da eta haren konpromisoa garrantzitsua, ez bakarrik aurrekontu ekonomikoari ekarpena egin diolako, baizik eta, Espainiako Federaziotik instalazioek bete beharreko baldintzak betetzeko ezinbesteko izan direlako", adierazi dute klubetik. Eremu pribatuan, taldeak honako erakundeen laguntza izango du: Mondragon Unibertsitatea, Ausolan, LANA kooperatiba, Fagor, JMA, Laboral Kutxa eta Lenovo. Eta horiekin batera azken urteetan Ointxeren bidelagun izan direnek ere jarrituko dute: Ikerlan, Krean, Mondragon Lingua Alecop eta Gualbi Aholkulariak, besteak beste. 

Gizonezkoen ligak izen berria du: 3. FEB maila

Gizonezkoen Mondragon Unibertsitatea EBA mailan lehiatuko da, baina aurrerantzean kategoria hori 3. FEB deituko da. Taldeari dagokienez, Julen Berrocalek jarraituko du izaten entrenatzailea eta David Peña izango da bigarren entrenatzailea. Jokalariei dagokienez, taldeak egitura oso antzekoarekin jarraituko du: Martxel Balanzategi, Aitzol Lagunilla, Ekaitz Madinabeitia, Markel Errasti, Marcos Aspizua, Asier Perez, Imanol Orue, Martin Buesa, Joseba Estalayo, eta Miguel Zamora taldean izango dira. Aitor Carrerak beste urtebetez jarrai dezan nahi du Ointxek, baina, oraindik ez dago gaia itxita. Hala, hauek dira MUren multzoan egongo diren kontrarioak:

  • Valle de Egües (Iruñea)
  • LBC Cocinas.com (Logroño)
  • Redline Mekanika Take (Tolosa)
  • Ulacia ZKE (Zarautz)
  • Tabirako Baque (Durango)
  • Fundación Bilbao Basket Fundazioa (Bilbo)
  • Baskonia (Gasteiz)
  • Restaurante Los Arcos CB Solares (Solares)
  • De Morro fino Cantbasket04 (Santander)
  • Construcciones Gonzalo Crespo PasPielago (Pielagos)
  • Becedor Santander (Santander)
  • Caja Rural Real Valladolid Baloncesto (Valladolid)
  • Grupo de Santiago (Burgos)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak