"Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak dimisioa aurkeztu izana oso ulergarria da"

Xabier Urtzelai 2024ko uzt. 23a, 13:46

Abuztuaren 16an Aretxabaletako lasterketa normaltasunez egingo dute, baina baimena Jaurlaritzatik etorri da..

Gipuzkoako txirrindularitza federazioak azken urteotan lasterketak antolatzeko izan dituen zailtasunak jakinekoak dira, baina oraingoan nahikoa dela esan dute, dimisioa aurkeztu du talde osoak. "Erabat ulergarria da, ezin dute egon egun osoan Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzako kideekin borrokan. Bizkaian eta Araban Ertzaintzak ez du arazorik jartzen, baina hemen bai", adierazi du Aloña Mendiko txirrindularitza saileko presidente Aitor Atorrasagastik.

Azken urteotan Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak etengabe izan ditu lasterketak antolatzeko trabak, "Eta horiek Trafiko Zuzendaritzatik etorri dira", dio Aitor Atorrasagastik. Lasterketak antolatzeko izan dituzten zailtasunak dira Gipuzkoako Txirrindularitza Federaziotik behin eta berriz salatzen ibili direna, eta bertako ordezkariei agortu zaie pazientzia. Dimisioa aurkeztu du talde osoak. Hain zuzen, talde horrek egindako lana bertatik bertara jarraitu du Aloña Mendiko Txirrindularitza taldeko presidente Atorrasagastik –Eskola Arteko txirrindularitzako zonaldeko arduraduna ere bada–. "Lan egiteko ilusioa kendu digute denei, erabaki oso gogorra hartu dute federazioko kideek baina erabat ulergarria da. Eta pena handia dut, lan-talde hori lan oso txukuna egiten zebilelako. Baina urte hauetan gertatu dena ez da normala. Sinesgaitza da ikustea gutxi batzuek zelan duten horrenbeste jenderen ilusioa zapuzteko gaitasuna".

Aretxabaletako lasterketa ez dago kolokan

Iaz lasterketako antolatzaileek arazoak bata bestearen ostean izan zituzten, baina azkenean lortu zuten denboraldia itxura batean egitea, bidean eten batzuk eginda, hori bai. Orain dimisioa aurkezteko azken tanta, baina, abuztuan egingo dituzten Aretxabaletako eta Elgoibarko lasterketak antolatzeko izan dituzten zailtasunetatik etorri da. "Trafiko Zuzendaritzatik lasterketa horiek ez baimentzeko aitzakiak ikustekoak izan dira. Aste barruan zirkulazioa eteteak arazo handiak sortzen dituela, jendea lanera joan behar dela, hondartza gertu dagoela... Ez sinistekoa. Aretxabaletako eta Elgoibarko lasterketa horiek 75 urtetik gorakoak dira, eta beti antolatu dituzte egun berdinean. Nahiko lukete aretxabaletarrek hondartza horren gertu izatea, ea zenbat lagun joango diren abuztuaren 16an lanera... Pentsa, duela 20 egun Txuma memoriala izan dugu Bizkaian eta ibilbidea Urdaibai inguruetatik pasa da. Han bai dute hondartza ondoan, eta Bizkaiko ertzaintzak ez du inolako arazorik jarri. Bada, Aretxabaletako eta Elgoibarko lasterketetako baimena "erabaki politiko" batek ekarri du, eta Jaurlaritzatik etorri da baimen hori. Baina Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzak ez du baimen hori eman nahi izan".

Irailean, presidente interinoa aukeratu behar

Oraingoz, errepideko denboraldia irail amaieran amaitu bitartean lasterketak normaltasunez egingo dituzte, baina udazkenean hastekoak beharko luketen ziklo-kros denboraldia kolokan dago, eta baita bestelako proba eta topaketak ere, tartean, eskola kirolekoak. Hurrengo pausoa izango da irailean presidente interinoa aukeratzea. "Baina ez dakit nor aurkeztuko den, egia esan. Aurrekari hauekin oso zaila izango da inork pausoa ematea", dio Atorrasagastik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak