Urriaren 19an egingo da aurten Debagoieneko erreka auzolana, hirugarren edizioa antolatzen baitabil horretarako lantaldea. "Urtero bezala, asmoa da lotzen gaituen hori zaintzea, askotariko jendea elkartzea eta bustitzea. Antolatzaileok auzolanak askotarako eman dezakeela uste dugu: herritar ezberdinon arteko harremanak sortzeko eta indartzeko, naturara gerturatzeko, herria letra larriz idazteko, herri hezitzaileetarantz bidea egiteko edo ekimen publiko-komunitarioa gauzatzeko", azaldu dute egitasmoaren antolatzaileek. Hala, agendan data gordetzeko deia egin diete herritarrei, izen-ematearen eta bestelako xehetasunen berri gerora emango dutela nabarmenduta.
Horrez gain, aurrez eginiko bi edizioen berri ere eman dute. Haien arabera, 600 lagun baino gehiago elkartu dira, eta bailarako herri bakoitzak bere erara antolatu du erreka auzolana: "Herri batzuetan, erreka batzordeak sortu dira; eta beste batzuetan, gaztetxea edo natur eskola izan da ekimenetik tira egin duena". Alabaina, nabarmendu dute auzolana izan dela guztietan oinarria.