Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak Hazilan+ programaren lehen edizioa jarriko du martxan irailean, bailarako kualifikatutako langabeen premiei eta ezaugarriei erantzunez, euren laneratzea lortzea xede. Horretarako, ordea, hiru baldintza bete behar dira: Debagoieneko herriren batean erroldatuta egotea; langabea izatea; eta amaituta izatea erdi mailako edo goi mailako Lanbide Heziketako zikloa, unibertsitate gradua edo unibertsitate ondokoa. Adinari dagokionez, bereziki bi profili zuzenduta dago programa: titulua lortu berri duten gazteei eta langabeei; batik bat, 45 urtetik gorakoei. Asmoa da urtean bi edizioa egitea, 2028ra arte: lehen seihilekoan bata eta irail-urri aldera bestea.
Programan parte-hartzeko, alabaina, izena eman behar da aurrez, eta uztailaren 15era arte dago horretarako aukera, bi bideetako bat jarraituz: aurrez aurre, Debagoieneko Mankomunitatean, 09:00etatik 14:00etara, edo erregistro elektronikoan. Hautaketa uztailean egingo da, elkarrizketen bidez.