Zezenetara errespetuz, ausardiaz eta ilusioz

Julen Murua Mesonero 2024ko uzt. 12a, 12:12

Zutik: Ibai Kortabarria, Erik Herran, Unai Martinez, Ander Martinez eta Anartz Almortza. Makurtuta: Jon Maiztegi eta Unai Arana. (Argazkia: Ander Martinez)

Sanferminetako entzierroan korrika aritu direnen artean egon da Debagoieneko ordezkaritza; izan ere, Bergarako Zezenak taldeko kideek duela urte batzuk hasitako ohiturari jarraipena eman diote aurten ere, eta hainbat egunetan egon dira Iruñean.

Edonor ez da zezenaren aurrean korrika egiteko gai, ez bakarrik horretarako behar den ausardiagatik, baita zezenaren aurrean korrika egiteak eskatzen duen prestakuntzagatik ere. Debagoienean badago azken urteetan sanferminetako festa aprobetxatzen duen talde bat: Bergarako Zezenak taldeko kideak –Ibai Kortabarria soraluzetarra, Ander Martinez, aretxabaletarra eta Erik Herran, Unai Martinez eta Anartz Almortza bergararrak–.

Urteroko hitzordu bilakatuta

Milaka pertsona batzen dituen bidean sartu, eta zezen-plazarainoko korrikaldia egiten dute San Fermin jaien asteko egun batzuetan. Ander Martinez aretxabaletarra da horietako bat, eta sanferminetan korrika egiteko ohitura "duela lauzpabost urtetik" dutela dio. Laneko ordutegiaren arabera erabakitzen dute zer egunetan joaten diren; hori bai, beti astean zehar: "Ez zaigu gustatzen asteburuan korrika egitea, nahiago dugu aste barruan egitea, askoz jende gutxiago egoten delako eta asko nabaritzen dugulako aldaketa".

Urtero egun ezberdinetan joan arren, korrika egiten duten zatia ez da aldatzen. Hala ere, bakoitzak bere zati gustukoena du, eta norberaren ezaugarrietara hobekien egokitzen den tartea aukeratzen dutela dio Martinezek: "Taldekide bat Estafeta kalearen hasieran hasten da, beste bat amaieran, beste bat erdialdean... Denetarik dago. Nire kasuan, Estafeta kalearen amaieran eta Telefonica kalearen hasieran hasten naiz, eta plaza barruraino egiten dut korrika".

Prestaketa berezirik ez dute behar izaten entzierroan korrika egiten dutenek, baina bai egoera fisiko onean egotea; izan ere, "erritmo aldaketa asko dituen eta erreflexuak izatea eskatzen duen" plaza bat da. Hala ere, aretxabaletarrak aitortu du edozeinek ezin duela zezenaren aurrean korrika egin, "eta gutxiago sanferminetan".

"Asebeteta"

Zezenak gustuko dituztenentzat urteko hitzordu garrantzitsuenetako bat izaten da sanferminetako entzierroa, eta, zer esanik ez, urtean zehar zezenen aurrean ikuskizuna ematen dutenentzat. Martinez da horietako bat, eta hark dio "asebeteta" amaitzen duela entzierro bakoitza eta zezenaren aurrean jartzeak ez diola beldurrik ematen, "errespetua" baizik.

Aurtengo sanferminetan hiru egunetan egin dute korrika Bergarako Zezenak taldeko kideek, eta Martinezek dio "oso gustura aritu direla eta zezenaren aurrean egoteko aukerak" izan dituela. Beraz, "oso pozik" amaitu dute aurtengo sanferminetako egitekoa, eta "gorputzak horrela jarraitzen uzten duen bitartean" urtero han izango direla aitortu du aretxabaletarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak