Iraultzaren bidean izenpean, "aisialdirako eta formakuntza politikorako" egitaraua antolatu dute mugimendu sozialistako kideek. Bihar, uztailak 10, hasiko dituzte ekintzak Bergaran, eta etzi arte luzatuko dute Debagoiena zeharkatuz. 16:30ean egingo dute harrera Kartzela Zaharrean, eta 3x3 saskibaloi txapelketa egingo dute ondoren; San Martzialera igoera izango da iluntzean, eta bolo txapelketaz, afariaz eta kontzertu akustikoaz gozatzeko aukera izango dute han.
Uztailaren 11n, berriz, Oñatirantz abiatuko dira; bazkaria, salto txapelketa Usakoko bainu-gunean, afaria eta proiekzioa antolatu dituzte. Azkenik, uztailaren 12an, Arrasate izango dute helmuga: bazkaria ez ezik, Musika Euskal Herrian, politika ala industria kulturala mahai ingurua antolatu dute; ondoren, poteo girotua eta Babesgabe, Iltze eta DJ Makila eta Txartel Gorriren kontzertuak izango dira.