Boluntarioak behar ditu Atzegik udako opor-programetarako

Gontzal Belategi Zubia 2024ko uzt. 5a, 11:35

Boluntario bat Parte Hartuz programako erabiltzaileekin oporretan. Argazkia: Atzegi.

Parte Hartze eta Txolarte opor-programak aurrera eraman ahal izateko boluntarioak behar ditu Atzegik.

Urtero moduan, Parte Hartze eta Txolarte izeneko opor-programak jarri ditu martxan Atzegik; adimen desgaitasuna duten pertsonak oporretan joan ahal izatea bermatzen duten programak. Oporraldiak Atzegiko Aisialdi Zerbitzuak antolatzen ditu. Erabiltzaileei aisialdirako sarbidea errazten dien zerbitzua da hau. "Aisialdian, denbora libre horretan, jarduerak eskaintzen dizkiegu. Gizartean dagoen eskaintzan, askotan, ez dituzte izaten parte hartzeko gure aukera berdinak. Urte osoan zehar garatzen ditugu programak, eta horien artean aurkitzen dira oporrak", azaldu du Olatz Mirandak, Aisialdi eta Parte Hartze Zerbitzuko teknikariak.

Bi opor mota antolatzen dituzte: Parte Hartze eta Txolarte. Txolarteak asteburuko lagun taldeak dira, eta hauek, aukera dute elkarrekin oporretan joateko. Debagoieneko hiru kuadrilla joango dira oporretan: bat Saloura eta bi Cambrilsera. Gainontzeko erabiltzaileak Parte Hartze programaren bidez joango dira oporretan. Hauek, Cambrils; Salou; Lloret de Mar; Jaca; Isla; Iruñea; Comarruga; Galiziako zirkuitua eta Andaluziako zirkuitua izan dituzte oporretan joateko aukera gisa.

Boluntario beharra

"369 partaide animatu dira bi programen artean, eta, gure ratioen arabera, 87 boluntario behar ditugu", adierazi du boluntariotza arduradun ere baden Mirandak. "Oraindik hamabost bat boluntario falta zaizkigu", gaineratu du. Boluntario izateko dei egin du Mirandak, honen garrantzia azpimarratuz: "Boluntarioen prestutasun eta laguntzarik gabe ezin ditugu horrelako ekimenak aurrera eraman".

Izena emateko nahikoa da 943-42 39 42 telefono-zenbakira deitu eta boluntario izateko interesa adieraztea: "Boluntario izateko baldintza garrantzitsuena gogoa izatea da". Mirandak aipatzen duenez, boluntarioek 18 urte baino gehiago izatea komeni da. Oporretan joan aurretik, kokatu ahal izateko, formakuntza saio bat jasoko dute boluntarioek. Bestalde, oporraldiak gauzatzen diren bitartean Atzegiko arduradunak 24 orduz eskuragarri egongo dira, zalantzak argitzeko.

Mirandak esperientzia oso aberasgarria dela aipatzen du, eta gehienek "errepikatu egiten dutela". "Oporraldietan 24 orduz egoten dira erabiltzaileekin, eta harreman oso politak sortzen dira. Boluntarioen artean ere giro ona egoten da, eta askotan, errepikatzeko eskatzen digutenean, taldeka ematen dute izena".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak