Iritsi da Debagoieneko atletendako aire zabaleko denboraldiko hitzordu garrantzitsuenetako bat: Espainiako Txapelketa. La Nuciako (Alacant) kirol instalazioek puntako atletak batuko dituzte gaurtik domekara arte, eta tartean izango dira Debagoieneko lau atleta: Maialen Axpe eta Malen Ruiz de Azua –pertika-saltoa–, Eneko Carrascal –salto hirukoitza– eta Andoni Calbano –200 metroko proba eta 4x100eko errelebo proba–. Pista estaliko Espainiako txapelketan nabarmentzeko moduko lana egin zuten Malen Ruiz de Azuak –urrezko domina–, Eneko Carrascalek –zilarrezko domina– eta Andoni Calbanok –brontzezko domina–. Eta aire zabalean oraingo asteburuan Maialen Axpe ere batuko zaie, neguko denboraldiari muzin egin eta gero.
Calbanok bi proba
Andoni Calbano bergararra izango da txapelketa hasten lehenengoa, zapatu goizean (12:30) izango du-eta 200 metroko finala. Bergararra aire zabaleko seigarren denbora onena egina aurkeztuko da irteera puntura (20.96). Durangon egin zuen marka hori, joan den astean. Lehenengoa txapelketa hasten, eta azkena amaitzen, 4x100 metroko lasterketa domeka gauean izango du-eta (22:05); erreleboetako lasterketa Real Sociedad taldeko atletekin batera egingo du.
Axpe eta Ruiz de Azua, bihar
Pertika-saltoan jardungo duten Malen Ruiz de Azuak eta Maialen Axpek, berriz, zapatu arratsaldean izango dute hitzordua (19:50). Aire zabalean, aurten, Malen Ruiz de Azua, Monica Clement eta Andrea San Jose dira 4,40ko marka egin duten bakarrak. Ruiz de Azua pista estaliko Espainiako txapelketa irabaztetik dator, baina aire zabalean ez du urrezko dominarik, eta helburu horrekin joan da. Maialen Axpek (4,30), berriz, baztertu egin zuen pista estaliko denboraldian lehiatzea, baina aire zabalean hari dagokio iaz lortutako txapela defendatzea.
Carrascal, domekan
Eneko Carrascal (16,01) urrezko domina lortzeko lehian izan zen pista estalian, eta zapore ezin gozoagoa utzi zion txapelketa hark, bi urtez min hartuta egon eta gero tunelaren amaieran argia ikusten hasi zelako. Pista estalian Pablo Torrijos izan zen irabazlea, baina Castelloko atleta ez da txapelketan egongo; min hartuta dago. Hori bai, munduko errekorra ontzea helburu duen Jordan Diazen (18,18) aurrean gainontzekoak ikusle soilak izango dira.