Spotaren kalitate teknikoa eta mezuaren egokitasuna hobekien islatu izana azpimarratu ditu epaimahaiak erabakia hartzeko orduan. Are gehiago, epaimahaiak emandako arrazoietako batekin ados dago Loiti. "Oso gustura geratu naiz off-eko ahotsaren mezuarekin. Indar handia duela uste dut, eta transmititu gura nuena transmititzen duela esango nuke. Baina mezu hori irudikatzea zailagoa izan da. Nahiko arrapaladan grabatu nuen, eta, akaso, ez nuen guztiz asmatu", dio.
Lehenengo testua
Off-eko ahotsak duen indarra izan da spotaren abiapuntua. Testua sortu zuen lehenengo Loitik. Ostean etorri ziren irudiak. "Zaila izaten da 30 segundotan laburtzea kontatu gura dena. Aurretik banuen esperientzia Euspoten, eta banekien oso zaila zela irudi bidez istorio bat kontatzea. Orduan pentsatu nuen kontatu gura nuen hori kontatzeko narratiba erabiltzea zela errazagoa eta erosoagoa. Hala, off-eko ahotsaren indarrean oinarritutako spota da. Alegia, narratibari eman gura izan diot garrantzia. Irudiek laguntzen dute mezua ulertzen".
Spot laburrak
Telefono mugikorrak eta adin txikikoak izan da aurtengo gaia, eta hori islatzeko 30 segundoko spotak aurkeztu behar izan dituzte. Hortaz, mezu zuzenak izan behar zuten. "30 segundok ez
dute askorako ematen, baina, era berean, denbora labur horretan norberak gura duen mezua transmititzen jakiteak denbora luzea dauka atzetik. Ze irudi edo ze berba erabili jakiteko, sintesi ariketa sakona eskatzen du. Mezuan asmatzea dago gakoa".
Kalitate teknikoa
Guztira, 87 lan jaso dituzte antolatzaileek, eta horien artean egin dute aukeraketa. Lanak ikusgai egon dira Euspoten webguneak eta Loitik ere ikusi ditu guztiak. "Kalitate aldetik lan onak egon direla esango nuke. Maila handiko lanak. Adibidez, Mondragon Unibertsitateko ikasleen saria irabazi duen Distrakzioaren, adikzioa lana oso ona da, kalitate tekniko handikoa. Alegia, maila handiagoko lanak egin badira ere, uste dut mezuaren egokitasunean egon dela aurtengo hutsune handiena", azpimarratu du Loitik.
Proiektuak finantzatzeko
Loitik badaki zer den Euspoten parte hartu eta lehiaketa irabaztea. 15, 16 eta 17 urterekin parte hartu izan du, eta sariak ere irabazi ditu, gazteen mailan. Pare bat urteko hutsunearen ostean, unibertsitatea animatuta, aurten berriro aurkeztu da, eta lehen saria eskuratu du.
"Gurea oso eremu ezegonkorra da, eta dirua oso ondo etorriko zait, bizirauteko. Bereziki, buruan ditudan proiektuak finantzatzen laguntzeko erabiliko dut sariaren dirua".