Ordutegi aldaketak osasun-etxeetan udan

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko eka. 14a, 07:26

Uda garaian osasun-zentroetan ordutegi aldaketak egingo dituela iragarri du Osakidetzak. Bailarako anbulatorioetan ere aldaketak egongo direla aurreratu du Debagoieneko ESIk, eta "dena itxita" daukatenean jakinaraziko duela ordutegia.

Osakidetzak osasun-etxeetako arreta emateko ordutegian aldaketak egingo ditu udako hilabeteetan, eta adierazi du ordutegiak "asistentzia-eskariaren murrizketara" egokituko dituela. Oro har, Osasun Saiketik jakinarazi dute 08:00etatik 20:00etara bitarteko ordutegia izaten duten zentroak 08:00etatik 17:00etara egongo direla zabalik; 08:00etatik 17:00etara arteko ordutegia dutenek, berriz, 15:00ak arte emango dutela zerbitzua. Alabaina, Debagoieneko ESIk ez daki nola eragingo duen aldaketak bailaran eta aurreratu du "dena itxita" daukatenean jakinaraziko dutela ordutegia.

Osakidetzatik azpimarratu dute kontsulta medikuen kopurua neguko hilabeteekin konparatuta %33 jaisten dela udan eta horregatik aldatuko direla ordutegiak: "Neurri hori baliabide publikoen jasangarritasunean eta erabilera eraginkorrean oinarritzen da eta, gainera, Lehen Mailako Arretako profesionalen atsedenerako bide emango du". Dena den, gaineratu dute irekiera orduetatik kanpora osasun-asistentzia bermatuta egongo dela Etengabeko Arreta Guneetan (EAG), eta gune horietako zerbitzua sendotu egingo dutela.

Udako eta urte osoko murrizketei lotuta, aramaioarrek 392 sinadura aurkeztu dituzte Osakidetzan, herriko kontsultategian osasun-zerbitzu jarraitua izan dezaten.

ELA, ordutegi murrizketaz

Osakidetzak udan ordutegia aldatzeko hartu duen erabakia dela-eta, ELA sindikatuak salatu du murrizketa horiek lehen arretan dauden egiturazko arazoei aurre egiteko "neurri bakar gisa" planteatu dituztela eta ekain hasieran egindako Mahai Sektorialean Osakidetzan iaz baino osasun-zentro gehiagotan eta denbora luzeagoan ordutegi murrizketak egitea proposatu zituela. "Aurten, gainera, murrizketek gora egin dute, denbora tarte zabalagoa hartzen dute eta iaz baino osasun zentro eta EAG gehiagori eragiten diete", diote ELAtik.

ELA-K SALATU DU IAZ BAINO ZENTRO GEHIAGOTAN EGINGO DIRELA ORDUTEGI MURRIZKETAK

Gaineratu dute Osakidetzak ez duela bermatzen EAGak eta osasun zentroak ekipo osoarekin irekiko direnik: "Beraz, berriro ere fakultatiborik gabeko zentroak izango ditugula aurreikusten da, eta murrizketa horretan sakondu eta arazo estruktural bihurtzen da".

Hala, sindikatuak kritikatu du Osasun Sailak esan izana murrizketarik ez dagoela eta udan aplikatu beharreko neurri horiek langileen atsedena bermatzeko beharrezkoa den berrantolaketaren ondorio direla. "Errealitate bakarra da murrizketen aurrean gaudela, Osakidetzak justifikatu nahi dituenak langileak eta haien eskubideak erabiliz. Neurri horiek erabaki politikoen ondorio zuzena dira, eta ez dute, inola ere, lehen arretaren gabeziei aurre egiteko planik planteatzen. Langileak gehiegi kargatzen eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua murrizten jarraitzea beste planik ez dago", adierazi dute. ELAk aurreratu du "neurri zehatzak" eskatu dizkiola Eusko Jaurlaritzari Osakidetzaren egiturazko gabeziei aurre egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak