Trabatuak filmeko sortzaileen hitzetan, "euskaratik eta euskaraz" sortutako ideia ardatz izanda, euskarazko musikal bat sortzea izan da euren "utopia", gerora errealitate izatera pasatu dena. "Euskarazko film laburren zirkuituan genero musikalak bere tokia behar zuela iruditu zitzaigun. Eta horri tiraka, Trabatuak proiektua sortu zen; beraz, badator euskarazko lehen film labur musikala".
Filmeko sinopsiari dagokionez, igogailu batean trabatuta gelditzen diren publizitate enpresa bateko bost langile dira protagonistak: batzuk ez dira elkar ezagutzen, eta beste batzuek, berriz, dena dakite besteen inguruan. Hala ere, trapu zahar guztiak aterako dira halako batean. "Tenperaturak gora egingo du, eta bulegoaren txutxu-mutxuek irakiten bukatuko dute. Bada, nola lortuko dute langileek igogailutik ateratzea, lortzen baldin badute?". Hala, istorioa hori izanik, herritarrak gonbidatu nahi dituzte helduentzako musikal honetan barneratzera eta euren ekarpena egitera crowdfunding bidez.