Botoa ematera deituta daudenak dira: Arrasaten 16.924 lagun daude deituta; Bergaran, 11.213; Oñatin, 8.789; Aretxabaletan, 5.554; Eskoriatzan, 3.241; Antzuolan, 1.600; Aramaion, 1.135; Elgetan, 858; eta Leintz Gatzagan, 169.
Hautesleku bat gutxiago
Hauteslekuei dagokienez, Debagoienean hogei egongo dira Europako hauteskundeei begira. Arrasaten sei gune egongo dira; Bergaran, bost; Oñatin, hiru; eta Aretxabaletan, Eskoriatzan, Antzuolan, Aramaion, Elgetan eta Leintz Gatzagan hautesleku bana.
Hortaz, apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan baino hautesleku bat gutxiago egongo da domekan, Oñatin Olakuako dorrean eta Txiki Txokon egon ohi diren mahaiak Natur Eskolako eraikinean egongo direlako. Hortaz, Olakuako, San Lorentzoko eta Ugarkaldeko boto-emaileek Natur Eskolan eman ahalko dute botoa. Etxeko atarietan eman dute aldaketaren berri.
33 alderdi
Denera, 33 alderdik aurkeztu dituzte euren hauteskunde programak eta horien artean aukeratu ahal izango dute debagoiendarrek. Ezin da ahaztu Europako Parlamentuko hauteskundeak izan ohi direla hauteskunde guztietatik parte-hartze baxuena izaten dutenak, eta, inkestek diotenaren arabera, domekan parte-hartzea %50etik beherakoa izango da.
Jarraipena 'Goiena.eus' atarian
Gainerako hauteskundeetan bezala, Goiena.eus atariak hauteskunde egunaren eta Debagoieneko hauteslekuen zuzeneko jarraipena egingo du. Halaber, emaitzak gaueko hamaiketatik aurrera kontsultatu ahal izango dira www.goiena.eus/hauteskundeak atarian.