Europako Parlamenturako hauteskundeak egingo dira ekainaren 9an, domekan, eta abstentziorako deia egin du Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak, "ez dutelako inolako aldaketarik ekarriko": "Europar Batasunak gerran eta austeritatean oinarritutako programa aurrera daramala bistakoa da; hain zuzen ere, bankari eta enpresari handien interesei erantzuten diena". Haren arabera, eskuin muturraren gorakadari aurre egin ahal izateko, "sozialdemokraziak bozkatzeko deia zabaldu" du: "Ordea, ezkerreko gobernuek ez diote faxismoari aurre egiten; alderantziz, faxismoaren hazkuntzarako baldintza objektiboak jartzen dituzte".
Europako Parlamenturako hauteskundeak "Mendebaldeko oligarkia indartu eta zilegizatzeko eginda" daudela nabarmendu du mugimendu sozialistak, baina "miseria horri guztiari aurre egiteko hautua" egin dutela eurek. Hori dela eta, NATOri eta Europar Batasunari ez lelopean, "gerraren, genozidioaren eta austeritatearen aurkako" aldarriak plazaratzeko asmoz, manifestazioa egingo dute ekainaren 7an, egubakoitza, Donostiako Bulebarretik hasita, 19:00etan. Hala, mobilizaziora joateko deia egin du Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak.