Iker Etxeberria eta Maitane Martiarena onenak lehenengo Intxortako rallysprintean

Xabier Urtzelai 2024ko eka. 2a, 11:39

Ultzamara eraman dituzte txapelak Iker Etxeberriak eta kopilotu lanetan debuta egin duen Maitane Martiarenak (BMW M3) (23.56.770). Eta ze gutxi falta izan den txapel horiek Debagoienean geratzeko, lau tramotako denborak batu eta gero segundo bateko tarteagatik (23'57"910) bigarren izan direlako Gorka Idigoras eta Andoni Perez (Clio Sport). Antolatzaileak eta pilotuak pozik geratu dira Intxortako lehen lasterketak eman duenarekin. 

Eguraldiak dezente baldintzatu du Intxortako lehenengo rallysprint hau, tarteka euria egin duelako eta irteerako zonaldea –Bergaran– siku samar mantendu bada ere, pilotuek Kanpanzarrerako bidea hartzen zuten neurrian zorua bustitzen zihoalako. Eta tramu bakoitzean baldintza horiek aldatzen joan dira, gainera. Hori horrela, pneumatikoekin asmatu duenak –eta arriskuak hartzeko gogoz zegoenak– pauso handia eman du garaipenera bidean. 

Hain zuzen, lehenengo txandan egindako denbora onak eman die (06.35.887), neurri handian, garaipena Iker Etxebarriari eta Maitane Martiarenari. Txanda horretan kontrarioak baino hiru segundo azkarragoak izan dira, eta ondorengo hiru txandatan Idigoras eta Perez azkarrenak izan badira ere, ezin izan diete hasierako hiru segundo horiek jan, segundo batera geratu dira. "Hala ere gustora gaude, lasterketa txukuna egin dugu. Hasiera batean ez genuen uste gure autoaren ezaugarrietarako ibilbide egokiena zenik, baina aurrekoen borrokan ibili gara eta gustora goaz etxera", adierazi du Idigoras eskoriatzarrak.

Borroka horretan koska bat atzerago egon dira Aitzol Apalantza eta Olatz San Miguel, 19 segundo gehiago egin dituzte lasterketan, eta podiumeko hirugarren koskara igo dira. "Entrenamenduetan ibilbideaz gure zalantzak genituen, oso azkarra ikusten genuen, baina gero lasterketan gozatu egin dugu. Egia da aurtengo denboraldian txapazko kolpeak izan ditugula eta ez dugu arriskatu nahi izan, Asentziotik Kanpanzarrerako tartean abiadura hartzen da, eta kontuz joan gara".

Hala, A+Gas taldeko antolatzaileak pozik geratu dira lehenengo edizio honek emandakoarekin. "Bigarrena egingo dugu, antolaketa lanetan badugu oraindik zer hobetu baina jendea pozik geratu da eta baita gu ere".

Lasterketako denborak eta sailkapena, hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak