Eroski Taldeko zuzendari nagusi Rosa Carabelek nabarmendu zuen 2023an "bikain lan egin" zuela erakundeak eta adierazle positiboen artean honako hauek aipatu zituen: salmenten igoera, ebidta –irabaziak interes, zerga, balio-galera eta amortizazioen aurretik–, emaitza arrunta eta etekina. Hori guztia, "testuinguru ekonomiko konplexuan"; horregatik "eraginkortasunean egindako ahalegina funtsezkoa izan dela", gaineratu zuen. Era berean, balioan jarri zuen "kooperatibaren finantza egoera kontsolidatu izana 2023aren amaieran bonu jaulkipen arrakastatsuaren ondoren". Eta eskerrak eman zizkien bazkideei "ahalegin eta espiritu kooperatiboagatik".
Carabelek plan estrategikoko puntu nagusiak xehatu zituen, datozen hiru urteetan erakundea gidatuko dutenak: "Konbinatu egingo ditu enpresa emaitzak eta gure ingurunearen aberastasuna, elikadura osasungarriaren sustapena eta kontsumitzaileen eta langileen gogobetetasuna, gehienak emakumeak".
Bestetik, Eroskik "zorra gutxitzen jarraitzeko" helburua du.
Eroskiren Kontseilu Errektoreko presidenteak, Leire Mugerzak, balioan jarri zuen "bazkide kolektibo osoaren konpromisoa, kooperazioa eta batasuna". Eta, 2024-2026ko Plan Estrategiko berriari dagokionez zera azpimarratu zuen: "Irmoki finkatzen eta sendotzen ditu gure erroak, gure izaera, gure balioak eta gure xedea".