Urrezko Zozketarako txartelak saltzeko kanpainari apirilaren 22an ekin zioten. "Berebiziko garrantzia" du kanpaina horrek eskualdeko Gurutze Gorriaren jarduerari eusteko "oinarrizkoak" diren funtsak jasoko direlako. Eta pozik agertu da Javier Igartua, Debagoieneko batzarreko presidentea, aurreko urteetan jasotako erantzunarekin: "Urtez urte, Gurutze Gorriaren alde agertu dira, zozketan parte-hartze handia izan baita. Aurten laguntza humanitarioko, gizarteratzeko eta laguntza soziosanitarioko programetara bideratutako funtsak erakartzeko beste bultzada bat ematea espero dugu, sorospen eta larrialdiei erantzuteko taldeak mantentzen laguntzeaz gain".
Iaz, Gurutze Gorriak 884 pertsona artatu zituen Debagoienean, horietatik erdiak baino gehiago adingabeak izan ziren, eta ia %30 adineko pertsonak, desgaitasunen bat edo osasun-arazoren bat zutenak.
Zozketa uztailaren 23an
Urrezko Zozketarako txartelak saltzeko ardura Gurutze Gorriko boluntarioek dute. Txartel horiek hainbat denda, taberna eta jatetxetan ere erosi ahal izango dira, edo zuzenean Debagoieneko Gurutze Gorriaren egoitzan.
Zozketa uztailaren 23an egingo da, eta hiru milioi euroko lehen sari bat, milioi bat euroko bigarren sari bat eta milioi erdi euroko hirugarren sari bat banatuko dira, bai eta 50 euro eta 2.000 euro arteko milaka sari ere.
Saritutako zenbakiak www.cruzroja.es webgunean kontsultatu ahal izango dira, telefonoz eta SMS bidez, edo Gurutze Gorriaren Debagoieneko egoitzarekin harremanetan jarrita.