"Europako politikagintzan eragiteko" aukera dutela euskal herritarrek dio EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2024ko mai. 23a, 14:50

Europako Parlamenturako hauteskundeetako kanpaina gauerdian abiatuko da. EH Bilduk uste du "orain erabakitzen dela Euskal Herriak Europako politikagintzan eragiteko aukera".

Koalizio soberanistatik adierazi dute EH Bilduren "jarduera ardatz nagusiak euskal nazioaren defentsa, antifaxismoa eta Europako gero eta ordezkari gehiagok erakusten dituzten gogo militaristak gelditzea" izango direla.

Horren guztiaren berri emateko hiru ekitaldi egingo dituzte datozen bi asteetan Debagoienean. Bihar, maiatzak 24, 18:30ean, Oñatiko Foruen Plazan elkartuko dira Eraitz Saez de Eguilaz eta Josu Aztiria legebiltzarkideak. 

Ekitaldi nagusia maiatzaren 28an izango da, martitzenean, Bergarako Munibe plazan, 18:00etan. Pernando Barrenak hartuko du parte, Europar Parlamenturako hautagaiak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramale den Maddalen Iriarterekin batera.

Azken ekitaldia ekainaren 6an egingo dute, Arrasateko Seber Altube plazan, 19:00etan. Solasaldi formatua izango duen ekitaldian Mertxe Aizpurua Diputatuen Kongresuko bozeramalea eta Josu Aztiria legebiltzarkidea elkartuko dira.

Posta bidezko botoa eskatzeko

Posta bidezko botoa eskatzeko azken eguna maiatzaren 30a dela gogorarazi dute EH Bilduko kideek. Horretarako, norberari dagokion posta bulegora jo behar da eta eskaera orria eskatu, bete eta entregatu; NA ezinbestekoa da. Ekainaren 2a bitartean dokumentazioa jasoko du eskaera egin duenak, eta botoa, gutun-azalean sartuta, posta bulegora eroan beharko du.

Bidalketa ekainaren 6a baino lehen egin behar da posta ziurtatu bidez.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak